Nerea Arriola (biolinista): «Egunero pare bat ordu entseatzen dut gutxienez»

Nerea Arriola (biolinista): «Egunero pare bat ordu entseatzen dut gutxienez»
2017/02/03 eta kitto!
Nerea Arriola Mendaroko biolin-jotzaillea da. 14 urte ditu eta Elgoibarren ikasten ari da DBHko  3.mailan. Biolina jotzen oso gaztetatik hasi zen eta hainbat sari irabazi ditu,  Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa, besteak beste. Rafaela Acella da bere   biolin-irakaslea eta egunero orduak pasatzen ditu entseatzen. Biolinaz gain  lagunekin geratzea eta musika entzutea dira bere zaletasunak.

– Nola sartu zinen musika mundura?
Musikarien familian jaio naiz, nire gurasoek biolina jotzen dute eta txikia nintzenean probatzeko eman zidaten. Momentu horretan bertan “engantxatu” nintzen eta 5 urte ingururekin hasi nintzen biolina jotzen, orain arte.

– Zenbat denbora egiten duzu entrenatzen?
Egunaren arabera izaten da… Eskolatik 5ak inguruan etortzen naiz etxera eta kontuan hartu behar dira azterketak ere! Baina normalean egunero, pare bat ordu gutxienez. Ikasketak eta biolina uztartzea ez da ezinezkoa, saiatuz gero noski egin daitekeela.

– Euskadiko Ikasle Orkestran sartu zinen eta orain Madrilgo Orkestra Sinfonikora zoaz…
Bai!  Euskadiko Ikasle Orkestrara 10 urterekin sartu nintzen eta ikaragarria izan zen. Beti bakarrik jotzera ohituta nengoen eta bat-batean, bakarrik egotetik  ehun pertsona eta instrumentu desberdinekin jotzera pasatu nintzen. Ez nintzen gehiegi kezkatu hala ere, partiturak ondo ikasita ez dago zertan beldurtu, ez zen zaila izan, guztiz kontrakoa, dibertigarria egin zitzaidan! Eta bai, orain Madrilgo Orkestra Sinfonikora noa.

– Nola aukeratu zaituzte?
Madrileko Orkestra Sinfonikoak “talentuak harrapatzeko” proiektu bat abiatu zuen iaz eta aurten berriz ere errepikatu dute. 17 urterainoko gazteek bideoak bidaltzen dituzte eta horren arabera egiten dute aukeraketa. Prozesu horretan, aukeratutakooi partiturak bidali dizkigute guk geure kabuz entseatzeko. Espainia guztiko 34 ikasle aukeratu gaituzte (bi euskaldunak eta biak biolin-jotzaileak). Kontzertua eman aurretik hiru bat egunetan egingo ditugu entseguak denok batera Teatro Real-en eta kontzertua Martxoaren 29an izango da Auditorio Nazionalean.

– Eibarren ere emango duzu kontzertua…
Otsailaren 17an Coliseoan. Bakarrik joko dut Esther Barandiaran pianistaren konpainiarekin. Mozart, Bach, Carmen Sarasate, Rondino eta beste hainbaten lanak izango dira entzungai, musikaz gozatzea nahi duen publiko guztiarentzat

– Nola ikusten duzu etorkizuna?
Biolinarekin jarraitzea gustatuko litzaidake, baina badakit oso zaila dela. Oraindik DBHn nago eta gradu ikasketak edota formazioak urruti ikusten ditut baina intentzioa badut, gainera familia osoaren babesa daukat eta nahi dudanaren bila joateko esaten didate.