PARRAPAS Erromeria Taldea: “Jairik jai ibiltzeko sortu dugu taldea”

PARRAPAS Erromeria Taldea: “Jairik jai ibiltzeko sortu dugu taldea”
2017/11/03 eta kitto!
Eibar eta Ermuko 5 gaztek osatu berri duten musika taldea da Parrapas Erromeria taldea. Marina Ereña (trikitrixa), Egoitz San Martin (gitarra), Alex Davies (baxua) eta Julen Leturiondo (ahotsa eta panderoa) eibartarrak dira, eta Josu Cascán (bateria), berriz, ermuarra. Taldearen izenerako zerbait desberdina eta eibartarra nahi zuten, eta hasiera batean erdi txantxetan bota zuten izenarekin gelditu dira azkenean: PARRAPAS. Oso gazteak dira (16-17 urte inguru dituzte), Batxillergoa ikasten dihardute, eta musika-zaletasunak elkartu ditu abentura berri honetan.

– Zer dela eta sortu duzue Parrapas Erromeria taldea?
Orain arte gure aktuazioak musika eskolak antolatutako ekitaldiak izan dira. Coliseoan askotan izan gara, guraso eta lagunen aurrean, pare bat abesti jotzen, baina zerbait desberdina egiteko eta aurrerapausu bat emateko gogoa genuen. Gaztetxeetan, txosnetan, jaietan, kale giroan, festarik festa egon nahi dugu, jende gehiagorengana heldu, eta horretarako sortu dugu taldea.
– Zuen nahia jendeaurrean jardutea baldin bada errepertorio zabala izango duzue…
Bai. Irailean gogor hasi ginen entsaiatzen. Astean pare bat egunetan entsaiatzen dugu musika eskolan, 4 ordu guztira. Eta, horretaz aparte, etxean ere denbora mordoa ematen dugu praktikatzen. 30 abesti ditugu gure errepertorioan, batzuk erromerietan entzuten diren abesti tipikoak eta beste batzuk estilo desberdinetakoak (esate baterako, euskal rocka edo Su ta Gar-en kantu bat). Abesti batzuk gure erara moldatu ditugu, eta denon gustuko gauzak egiten saiatzen gara. Badaukagu lana guztia ondo prestatzen, eta, hemendik aparte, beste talde batzuetan ere sartuta gaude, batzuk rock taldeetan, beste batzuk trikitrixa taldean, koruan…
– Musikak, beraz, zuen bizitzako zati handi bat betetzen du.
Bai, zalantza barik. Txikitatik dihardugu musika ikasten eta talde desberdinetan jotzen. Gutako batzuk, gainera, oso estilo desberdinetan jardun dugu. Esan daiteke guretzako hobbya baino zerbait gehiago dela musika. Proiektu honetan ilusio eta gogo handiarekin hasi gara. Eibarko Udalari San Andres jaietan jotzeko eskaera egin diogu, eta erantzunaren zain gaude. Kalean jotzen hasteko desiatzen gaude.
– Zer egin behar da zuekin harremanetan jartzeko?
Instagram eta Facebook kontuak zabalik ditugu dagoeneko (@parrapaserromeria) eta gurekin  harremanetan jartzeko parrapaserromeria@gmail.com e-posta erabili daiteke.