Paula Kasares, soziolinguista eta NUPko irakaslea: "Seme-alabei hizkuntza transmititzeko moduak euskararen geroa baldintzatuko du"
- Zure hitzaldiaren izenburua "Euskaldun hazi Nafarroan" da. Horren inguruko azterketa sakona egin duzu, baina hitz gutxitan nola deskribatuko zenuke Nafarroan euskaldun haztea zer den?
Euskaldun haztea euskarazko sozializazioari errateko erabiltzen dut. Haurrak euskaldun hazteak, hau da, euskaraz sozializatzeak eguneroko bizi egoera arruntetan euskaraz aditzeko eta aritzeko aukera ohikoa eta nahikoa izan dutela erran nahi du. Nafarroako haurrak euskaldun bilakatzeko prozesua aztertzeak familiek umeak euskaraz jabe daitezen bermatzeko izan dituzten jarrerak eta jokaerak miatzea erran nahi du. Gurasoen saiakera horietan funtsatzen da, hein handi batean, euskararen belaunez belauneko jarraipena.
- Iruritako egoera adibidetzat hartu duzu, galdua zirudien hizkuntza (euskara, alegia) nola berreskuratu den ikertuta. Zer gertatu da Iruritan? Zergatik eman da horrelako egoera?
Ikerketa, nire doktore tesia, zabalagoa izan da. Bi kasu azterketa egin ditut, bat Iruritan (Baztanen) eta bertzea Iruñean. 12 urte bitarteko haurrak dituzten hamarna familia hartu eta haurren hizkuntza sozializazioa, hau da, neska-mutiko horiek hizkuntza aldetik nola hazten ari diren arakatu dut. Egia da aukeratutako bi tokietan, Iruritan eta Iruñean, historikoki euskararen belaunik belauneko jarraipena eten zela. Iruritan Gerra Zibilaren ondotik eta ez herriko familia guztietan; eta Iruñean anitzez lehenago, XIX. menderako, hiriko sendi gehien-gehienetan. Orduan, ikerketan belaunez belauneko jarraipena kaskailduta edo etenda zegoen toki horietan familiek hizkuntza berriz etxekotzeko eta umeak euskaraz hazteko prozesua nola egin duten aztertu dut. Prozesu horretan batik bat 1970 aldera sortu zen belaunaldiari, oraingo haurren aita-amei, so egin diet. Aztertutako kasu gehienetan orain aita-amak diren hiztun horiek ez zuten euskara txikitan gurasoengandik ikasi, ez ziren euskaraz eskolatu baina batzuk euskaraz jabetu, hizkuntza beretu eta gero umeak euskaldun hazi nahi izan dituzte. Bizi izan dituzten baldintza soziohistorikoetan, guraso horiek funtsezko gakoa dira euskararen jarraipenerako, haurren hizkuntza sozializazioaren aurrean euskararen aldeko hautu eta portaerak izan baitituzte. Dena dela, hizkuntzaren transmisioa ez dago soilik gurasoen eskutan.
- Urteetan entzun dugu euskera baztertu eta debekatu duten sasoietan baserrietan hizkuntzari eutsi ziotela. Ikertzen jardun duzunean hala izan zela ikusi duzu?
Iruritako kasuan baserrien euskararen atxikimendu hori garbi agertzen da, baina nolabait euskararen kontra ere jokatu du. Azalduko dut: Gerra Zibilaren ondotik herrian abiatutako euskararen ordezkapenaren bilakaerak 1970eko hamarraldirako Iruritako gizartea erabat hautsia zuen. Herrigune erdaldundutik hur-hurrean baserrialde arrunt euskalduna zegoen eta euskara ulertu ere egiten ez zuten haurrek adineko jende euskaldun hutsa zuten auzolagun. Haustura horrek gizarte ondorioak ekarri zituen. Francoren berrogeizaro latz horretan bilakabide soziolinguistiko oso desberdinak izan zituzten herrigunearen eta bazterretxeen artean euskara bereizketa seinale eta gutxiespen bide bihurtu zen. Herrian, Karrikan, erdaraz egiten zen, hori zen gizarte araua eta, neketan ere horretara moldatu ezin zuten iruritar bordariendako irria eta trufak zilegi izaten ziren. Euskaragatik izandako bizipen mingarri horien ondorioz, 1990 aldera erdara ongi ez jakiteagatik mesprezua jasan zuten baserritar batzuek aldez edo moldez seme-alabek erdara ikastea ziurtatu nahi izan zuten eta horretarako erdara hutsezko eskolaren alde eta euskarazko irakaskuntzaren kontra egin zuten. Hizkuntza bazterkeriaren ondorio saminak dira horiek.
- Eta eskolak zein mailatan eragin dio transmisioari?
Haurren euskarazko hazieraren gibelean familiaz gain komunitatearen eragile sozializatzaileak daude eta horien artean eskola agertzen da nabarmenen. Landa ikerlanetan ikusi dudanez, eskolako mintzairak familia barneko erabilerari eta gurasoek haurren hizkuntza sozializazioaren aitzinean dituzten jarrerei eragiten die. Euskarazko irakaskuntzak belaunaldi berriak hizkuntza gutxituaz jabetu eta gutxi-asko mintzaira horretan gizarteratzeko aukera ekarri du, euskara kaleratu eta zabaldu du, mintzairari prestigioa eman dio eta etxeetan ere erabilera (ber)piztu du. Eskola ez da ikasleen hizkuntza portaerez axolagabea eta hala ikastetxearen barneko nola kanpoko erabileraz arduratzen da, bere arazotako hartzen du eta horri eragiteko asmoa izaten du. Eskola haurren hizkuntza jokaeren eragile aktiboa da eta alde horretatik, haren jarduera sozializatzailea garbi agertzen da. Euskaraz irakasteaz gain maisu-maistrek ikasleek euskaraz egin dezaten heziketa berariazkoa egiten dute eta neska-mutikoak euskaldun haztearen alde aktiboki jokatzen. Gainera, irakasleek gurasoei eragin nahi diete eta haurren etxeko hizkuntza sozializazioan ere nabaria da haien itzala.
- Eibarren antolatu diren mintegi guztietan izan zara parte hartzen. Zer deritzozu ekimenari?
Gurean gai honen inguruan paradoxa handia dago. Gaur egun euskal soziolinguistikan denek bat egiten dute euskararen etorkizun hurbileko iraupenaren gaineko kezka oraingo haur-gaztetxoen biharko hizkuntza portaeretan paratzean. Izan ere, gaurko hiztun gazteek —gehienak eskolan euskaldunduek— hurrengo hamarkadetan, umeak dituztelarik, seme-alabei hizkuntza transmititzean jokatuko duten moduak baldintzatuko du, hein handi batean, euskararen geroa. Halaz guztiz, gure esparru akademikoan ez da euskararen gizaldiz gizaldiko jarraipenaren eta belaunaldi berrien hizkuntza sozializazioaren gainean ikerketa zientifiko lerro sistematikorik jorratu eta hizkuntza politikari eta planifikatzaileek azken hamarkadan baizik ez dute arlo sistematikoki jorratzeko programak martxan jarri. Eibarko mintegiak bereziki hizkuntza transmisioa lantzen du eta, alde horretatik, azken urteotan antolatu diren saio monografiko bakarrenetako bat da. Ikerketa arlo honetan gogoeta teorikoa zabaltzeko eta esku hartze esperientzien elkartrukerako erreferente bihurtzen ari da. Hasi zenetik ni urtero gonbidatzea zinez eskertzen diet …eta kitto! Euskara Elkarteko arduradunei.