Xabi Ulazia, 13Spaloia Elgetako Kafe Antzokiko arduraduna: “Kafe Antzoki hau Eibarren egon beharko litzateke”

Xabi Ulazia, 13Spaloia Elgetako Kafe  Antzokiko arduraduna: “Kafe Antzoki hau Eibarren egon beharko litzateke”
2017/01/27 eta kitto!
- Hilabete eskas pasa da 13Spaloia inauguratu zenutenetik. Nolako harrera izan du?
Oso harrera polita! Inauguraziora jende asko etorri zen, Elgetakoak zein beste herrietakoak, batez ere Eibartik. Pentsatzen genuen The Vartoolsen kontzertuaren ostean jendea poliki-poliki joango zela, baina ezta gutxiago ere. Juergarako gogoa zegoen Elgetan. Bestetik, formatu txikiko kontzertuek erantzun ona izan dute eta oso pozik utzi gaitu horrek; ez guregatik bakarrik, baizik eta musika munduan gogoz ari diren talde txikiengatik. Kultura musikala hilda dago eta kontzertuen formatua berreskuratu nahi dugu.

- Urte bitan itxita egon ostean, Kafe Antzokia hartu duzue. Zein da zuen asmoa?
Hainbat aldaketa egin ditugu. Batetik, izena, orain 13Spaloia delako; eta bestetik, logoa ere berritu dugu. Honekin beste kudeaketa mota bat erreibindikatu nahi dugu; nahiz eta toki bera izan, beste proiektu bat delako.

- Zeintzuk dira zuen kudeaketa motaren ardatzak?
Batetik, bezeroekiko tratua ahalik eta onena izaten saiatuko gara. Bestetik, kultura da gure ardatz nagusia. Antzerki, monologo eta antzekoak egingo dira, baina zuzeneko musikaren aldeko apustua egingo dugu. Ostalaritzarekin uztartuko dugu hori (otsailean hasiko gara eskaintza gastronomikoarekin), baina gu eszenatokiak erakarrita etorri gara.

- Irekierako kartela, beraz, asmo-deklarazioa zen.
Zerbait handia egitea nahi genuen, jendeak ikusi zezan hona serio gatozela. Amets Arzallus eta Sustrai Kolina bertsolariak, Euskal Herriko eta Iparraldeko bertsolaritza txapeldunak hurrenez hurren, Jon Gurrutxaga musikaria eta The Vartools talde eibartarra ekarri genituen. Azken hauek itzel aritu ziren eta egun borobila izan zen.

- 13Spaloia hartu aurretik, hala ere, izan duzu esperientzia antzeko ekimenetan.
Saturrarango txiringitoaz eta Lekeitioko plazan dagoen K13 kiosko arduratu naiz. Han zuzenekoak eskaintzen genituen, baina formatua ezberdina zen: musika-ekipoa txikiagoa, aire librean... Polita baita ere, baina zerbait ezberdina hemen eskainiko dugunarekin alderatuz.

- Aldaketa handia dago?
Hau itsasontzi handia da. Han akats txikiak barkatzen ziren, baina hemen soinu edo argiztapen arazoak larriak izan daitezke. Perfekzio puntua lortu nahi dugu.

- Kafe Antzokiak musika taldeen eskaintzaren abanikoa zabaltzen du?
Duda barik. Elgetako Udalari proposatu genion hilean behin talde potolo bat ekartzea. Horretan lanean gabiltza, tramiteak egiten, ekoizpen-etxe handiekin berbetan, sarrerak internet bitartez erosteko sistema martxan jartzen... lehen kontzertu handia iragartzeko irrikaz!

- Eibartar mordoa Elgetara ekartzea daukazue helburu, beraz...
Neguan zailagoa da eguraldiagatik, baina esan digute fluxu hori antzemango dugula giroa hobera doanean. Gero, asteburu gauetan autobusak egotea egokia litzateke eta horretan pentsatzen dihardugu. Hala ere, badago taxibusa egunero. Kontua da Eibarren ez dagoela Kafe Antzokiaren antzekorik. Gazteek kudeatu eta gazteak erakarriko dituen toki bat behar da Eibarren, zuzeneko musikarekin, eta ez reggaetoiaren kultura hori. Gu hona etorri gara hau Eibarren ez dagoelako. Seguru nago denok pentsatu dugula Untzagako zinea Kafe Antzokia bihurtzea. Horren ezean, positiboa izango litzateke Eibar eta Elgetako Udalek akordioa lortzea autobus zerbitzua eskaintzeko, horrela herri bietako jendeak talde itzelez goza dezaten hemen. Legarreko musika estudioak eskaintzen zaizkie taldeei, baina antzokirik ez badute, ezin dute herrian zuzenean jo. Eibarren potentzial musikal handia dago. Kafe Antzoki hau Eibarren egon beharko litzateke, baina Elgetan dago eta gu oso pozik!