Xabier Badiola: “Berezia izango da institutuko ikasleon aurtengo erakusketa”

Xabier Badiola: “Berezia izango da institutuko ikasleon aurtengo erakusketa”
2018/04/13 eta kitto!
Gaur zabalduko da  Portalean Eibarko Ignacio Zuloaga Institutuko Batxilergo Aristikoko ikasleen lanen erakusketa. Urtero bezala, “Eibarko Zuloagaren Islak” delakoan, eguneroko lanaren emaitza erakutsi nahi dute. Aurtengoa berezia izango da: Institutuak 50 urte betetzen ditu eta, bestetik, datorren ikasturtetik aurrera izen berria izango du. Horretaz eta beste hainbat gauzetaz hitz egiteko Xabier Badiola Institutuko Batxilergoko ikaslearekin egon gara.

- Mende erdia betetzen du Ignacio Zuloaga Institutuak eta hurrengo ikasturterako aldaketak iragarrita daude.
DBH eta Batxilergoko zentro publikoak fusionatu egingo dira eta, hori dela eta, 50 urte eta gero, institutuak Ignacio Zuloaga izena alde batera lagata Eibar BHI osatuko du Mogel-Isasi eta Itziorekin batera. Beraz, margolariaren izenarekin egiten dugun azken erakusketa ere izango da.

- 50 urte ez dira egunero betetzen. Aurtengo erakusketak izango du berezitasunik?
Normalean ikasturtean egindako lanak aurkezten dira, disziplina desberdinetakoak eta era askotakoak, baina aurten, horietaz gain, aurreko urteetako ikasleen lanak ere erakutsiko dira, muralak esate baterako. Irekiera gaur izango da 19:00etan eta hilaren 29ra arte egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era, asteartetik igandera. Eibarko eta beste herri batzuetako ikasleak gara. Kontuan hartu behar da herri guztietan ez dagoela Batxilergo Artistikoa egiteko aukera, eta Instia aintzindaria izan zela Batxilergo mota hau eskaintzen. Eibarko Institutuak Artistikoaren aldeko apostu garbia egin zuen aspaldi. Leku asko behar da; gela handi bat daukagu guretzako, atrilak, pinturak eta material guztia gordetzeko.

- Erakusketaren montajean parte hartzen duzue?
Bai, eta erakusketa prestatu aurretik, erakutsiko ditugun lanen aukeraketa bat egiten dugu denon artean, irakasleen laguntzarekin.  Gero Portalera joan eta montajean jarduten dugu. Inaugurazio egunean jende pila bat egoten da eta, ondoren, astean zehar, gurasoak, lagunak eta Eibarko artistak hurbltzen dira gehienbat.

- Nola animatu zinen Batxilergo Artistikoa egitera?
Betidanik gustatu zait artea, eta historia bezalako ikasgaiak, ikastekoak direnak ere gustoko ditut. Batxilergo Artistikoan praktikoak diren ikasgaiak badira, baina baita ikastekoak direnak ere. Batzuk uste dute errazagoa dela, baina hori ez da egia, hemen ere asko ikasi behar da. Dibujo eskolan urte mordoa egin ditut, eta oso gustora gainera. Jende asko eta oso interesgarria ezagutu dut bertan eta asko ikasi dut. Aurten ez dut ia joateko astirik izan, baina datorren urtean berriro ere joatea espero dut. Leioan Arte Ederrak ikasteko asmoa daukat eta dibujo eskolarekin uztartu nahi dut. Bestalde, musikarekin lotutako gaiak ere atsegin ditut, soinu-teknikaria edo soinuarekin zerikusia daukan zerbaitetan lan egitea ondo egongo zen. Beraz, arte eta musika mundutik joan nahi dut, argi daukat. Iaz Arte Ederrak ikasten hasi ziren lagunak ditut eta hango giroa eta gauzez berba egiten didate, mundiala dela esaten dute.

- Musika aipatzen duzu. Mugi Panderoa erromeria taldean diharduzu, ezta?
Bai, bertako gitarrajolea naiz. Mugi Panderoa erromeria talde tradizionala bezala hasi zen, baina iaz talde moderno gisa abiatu zuen ibilbidea, gitarra, baxua, bateria, tronboia eta mota horretako instrumentuekin. Azken aldian leku askotan ibili gara (Elgoibar, Legutio, Ermua, Eibarren Sahararen alde...)  eta hurrengo hilabeteetan ere lan asko izango dugu. Taldeko beste kide batek eta nik selektibitatea daukagu gainean, baina... moldatuko gara eta jo ta sua ibiliko garela aurreratu dezakegu. Ez izan zalantzarik.

- Nolako musika gustatzen zaizu?
Talde baten bila ibili eta gero orain Mugi Panderoan nago eta oso gustora! Euskal kantuak dira, mitikoak, betidanik ezagutzen ditudanak eta asko gustatzen zaizkidanak. Hemengo musika eta euskal kulturaz gain, rock klasikoa atsegin dut, 60-70 hamarkadakoa.