Errebalgo lanen atzerapenarekin kezkatuta daude jeltzaleak

Errebalgo lanen atzerapenarekin kezkatuta daude jeltzaleak
2016/04/29 19:39
eta kitto!
Errebalgo lanak "geldiarazita, oso geldoak izaten ari direla" ikusita kezkatuta daudela eman dute aditzera Eibarko EAJ-PNV udal taldeko ordezkariek. Diotenez inguruko bizilagunek ere kezka bera agertu diete.Honen harira erredakziora helarazi diguten idatzian Josu Mendicite bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, “proiektuak hamarkada bat baino gehiago darama denbora galtzen, eta, bitartean, Udala behin eta berriro kea saltzen aritu da. Egungo proiektua partehartze-prozesu baten ondorioz adostutakoa da, eta ez dugu nahi aurrekoak bezala hau ere ke bihurtzea”.

Gauzak horrela, Obra Batzordea deitzea eskatu du, "hainbat astean ez baitute deitu". Asmoa Batzordeak beharrezko azalpenak jasotzea da eta, horretarako, Dragados y Construcciones enpresak Eibarko Udalean aurkeztutako dokumentazioa eskatu dute jeltzaleek.

Lanak atzeratzea ulertzen ez dutela gaineratu dute: “Are gehiago, zonalde horrek jasandako utzikeriak bertako merkataritza hainbeste kaltetu duenean. Lurzorua merkeegi saldu zen eta orain mehatxua dago atzerapenak eta gainkostuak izateko, duela 7 urte ordaindutako kontzeptu berberengatik. Errebalek ezin du gehiago itxaron”. 

Atzerapena gertatzeko “balizko kausen artean” zerbitzuen aldaketa aipatzen dute: “Udalak 153.745 euro ordaindu zizkion SPV Eibar Boulevard enpresari 2009an zerbitzu-aldaketa horiengatik, Merkatu Plaza zegokiona baino merkeago saldu ondoren. Ez da bidezkoa zentimo bakar bat ere gastatzea kontzeptu berberagatik eibartar guztion dirua erabilita. Dirua zaborrera botatzea litzateke”, ohartarazi du.  

Jeltzaleek lanen kudeaketa gogor kritikatu dute: “Udal Gobernuaren gaitasun falta nabarmena da, ardura gehiago baitu bere irudia saltzeko, guztion diruaz egin beharreko kudeaketa egiteko baino”.