Gurasoak eskolan, euskara etxean

Gurasoak eskolan, euskara etxean
2017/03/10 eta kitto!
Joan den ikasturtean, 2015/16an, Arrateko Andra Mari eskolako guraso batzuk eskola eta etxearen artean euskarari jarraipena egiteko beharra ikusi zuten; seme-alabei (eta, kasu batzuetan, ilobei) etxeko lanekin euskaraz lagundu, euskaraz jolastu eta euskaraz elkar eragiteko beharra. Ikastetxera hurbildu ziren euskara klaseak eskatzeko eta taldea sortu zuten. Irakasle batek musutruk eman zien klaseak eta, behin amaituta, balorazio ezin hobea egin zuten. Aurten, Arrateko Andra Mariko esperientzia Eibarko beste eskoletara zabaldu da ‘Gurasoak ere eskolan’ ekimenarekin.

 

Eibarko Udala urteetan saiatu da gurasoengana heltzen euskara ikasi edota praktikatzeko. “Euskara Planean jasotzen den zerbait da”, dio Junkal Txurruka Euskara Teknikariak. “Kanpainak egin izan ditugu, hainbat pertsona animatzen ziren, baina ez genuen taldeak sortzea lortzen”. Udalak ez zuen formularekin ematen. “Azkenean, euskaltegietara jotzen zuten gurasoek, baina han eurek nahi zutena baino ordu gehiago eskaintzen ziren eta, ondorioz, prezioa altuagoa zen eta baita intentsitatea ere”.

Arrateko Andra Mariko esperientziak bidea erakutsi zion Udalari. “Horri buruz jakin genuenean mugitu egin ginen ekimena Udaletik bideratu eta hiri osora zabaltzeko”, dio Txurrukak. Horrela sortu da ‘Gurasoak ere eskolara’ ekimena; herriko ikastetxe guztietako gurasoek, eskola orduetan eta ikastetxean bertan, euren seme-alabekin euskaraz aritu ahal izateko ikastaroa.

 

Gurasoak euskarara hurbiltzea

Txurrukak adierazten duenez, “helburua gurasoak euskarara gerturatu daitezela da, euskaraz aritzeko orduan konfiantza izatea eta euskaraz egiteko ohitura sortzea, konpromisoa hartzea”. Dena den, ikastaroa hasi aurretik, lortu nahi duten helburua zein den galdetzen zaie gurasoei, “baina ekimen hau ez dago euskara titulua lortzera bideratuta”.

Garrantzitsuena egin dute: euskara ikasteko nahia erakustea”, azpimarratzen du Txurrukak. “Gainera, umeentzat eredugarriak dira, motibagarriak”. Horrez gain, horrelako ekimenak integraziorako tresna ezin hobeak direla uste du teknikariak. “Euskara jasotzearekin batera, familiei materiala ematen zaie: liburuak, gidak, eskuliburuak... horren berri izaten dute eta gauza horiei arreta ipintzen diete”.

 

Arrakasta lehen edizioan

‘Gurasoak ere eskolara’ ekimenaren lehen edizioan 150 gurasok eman zuten izena hasiera batean. “Arrakasta handia”, Txurrukaren berbetan. Gero, zentroetan bilerak egin ziren eta taldeak antolatzen joan ziren. Azkenean, 90 bat gurasok hartu dute parte, “batzuk ezin zutelako, ordutegia ez zitzaielako ondo egokitzen edo dena delakoa”.

Zortzi talde osatu dira: Arrateko Andra Marin bat, J. A. Mogelen bi, San Andresen bat, La Salle Isasin bi eta Amañan beste bi. “Aldatzen hiru guraso apuntatu ziren eta beste eskola batzuetako taldeetan ari dira; Urkizun, bestetik, guraso bakarrak eman zuen izena”, aipatzen du Txurrukak. Talde bakoitzean 10-15 guraso daude eta Haur Hezkuntza zein Lehen Hezkuntzako haurren gurasoak batzen dira. “Taldeka errazago egiten dira horrelako gauzak bakarka baino”, Txurrukaren iritziz.

AEK eta Udal Euskaltegiko lau irakaslek ematen dituzte klaseak eta 60 ordu iraungo ditu ikastaroak. Astean bi egunetan batzen dira gurasoak eta ikastaroaren prezioa 40 eurokoa da. Txurrukak dioenez hori da arrakastaren gako bat. “Euskaltegien tarifa ezartzen da, baina ordu gutxiago dira, gurasoak izateagatik erdia ordaintzen dute matrikulan eta diru-laguntza bereziak eskaintzen dira”.

Martxoaren amaiera eta apirileko lehen astearen artean amaituko dira ‘Gurasoak ere eskolara’-ren saioak, baina 2017/18 ikasturtean berriz egiteko asmoa adierazi du Txurrukak. Kurtsoa amaitzean balorazioa egingo dute eta apirilean euskararen sentsibilizazio-kanpaina egiteko asmoa dago, “gurasoen jarrera berresteko asmoz”.

 

 

LA SALLE-n

Astearte goizetan, umeak ikastetxean laga eta klaseko bidea hartzen dute Cristina, Inma, Conchi, Cristina, Marta, Fafa, Jacqueline, Alberto eta Benignok. “Umeengatik gaude hemen, etxeko lanak egiteko orduan lagundu ahal izateko”. Cristinak dioenez, “haurrak aitari itxaron behar dio etxeko lanak egiteko eta nik ere lagundu nahi diot”.

Batzuk bazekiten euskarazko zenbait berba, baina beste batzuentzat hizkuntza guztiz berria da. Conchi, adibidez, euskaltegira joandakoa da, “baina orain dela asko eta, orain, neskatoarengatik nago hemen”. Jacqueline, bere aldetik, ‘Gurasoak ere eskolan’ antzeko ekimenean ibili zen La Sallen orain dela 12 bat urte.

Hiru hilabete hauetan asko ikasi dutela aitortzen dute. “Klaseak oso ondo daude, lasaiak dira, desberdinak, umeekin aritzeko bideratuak”. Teoria ere ikasi behar izan dute, “hasiera batean hitz egitea zen asmoa, baina euskaraz ez genekienez, nola egin ikasi behar dugu lehenik”.

Cristinak azpimarratzen du garrantzitsua dela ikastaroa umeen klase-orduetan egitea, “bestela ezin izango genuke etorri”. Gogoarengatik, behintzat, ez da, eta hori da Idurre irakasleak azpimarratzen duena. “Oso motibatuta daude”. Fafak ere hori berresten du, “ni Barrenatik oinez nator, gogo handiz!”.

Datorren ikasturtean berriz izena emateko gogoa dute, baina ikastaroaren iraupena luzatuko lukete. “Oso laburra egin zaigu!”.

 

 

AMAÑA-n

Paula, Diego, Masiel, Susana, Ivonne, Mari Mar eta Mertxeri ere oso motza egin zaie ikastaroa. “Datorren ikasturtean ere apuntatuko gara, ez dugu ikasitakoa galdu nahi”. Maialen irakaslea ere oso pozik dago eurekin. “Euskarara hurbiltzeko modu polita da”, bere iritziz.

Haurrekin euskaraz jarduteko eman zuten izena ikastaroan guraso hauek. “Nik lagun bati bidaltzen nizkion umearen etxeko lanak, berak gaztelerara itzultzeko”, dio Paulak. Diegoren emazteak, adibidez, badaki euskaraz, “baina nik lagundu nahi diot umeari, nirekin ere euskaraz aritzea nahi dut”.

Gurasoek euskara ikasteko erakutsitako gogoa umeek oso begi onez hartu dutela aitortzen dute. “Lehen nirekin ez zuten euskaraz egiten, nahiz eta ni saiatu, baina orain bai”, dio Ivonnek. Masielek ere lehen ez zion bere alabari euskaraz ulertzen, “baina orain Dominikar Errepublikan dago eta berarekin euskaraz elkar eragiten saiatu naiz, eta erantzun dit!”. Mertxeren semeak, adibidez, “lehen ia ez zuen euskaraz egiten eta gaur bertan euskaraz berbetan harrapatu dut”.

Klaseak oso ondo daude”, Masielen ustetan. “Gauzak ondo azaltzen ditu irakasleak”, dio Mari Marrek, “kontu praktikoak ikasten ditugu eta gauzak zergatik esaten diren horrela”. Susana ere pozik dago. Bera euskaltegian ibili zen aspaldian, “eta orain gauzak gogoratzen nabil, pena litzateke euskara galtzea”.

Irakasleak gurasoen meritua goraipatzen du eta, eurek diotenez, “euskaratik haratago lotzen gaituen zerbaitek batzen gaitu orain”.