Errebal eta Rialto arteko linboan

Errebal eta Rialto arteko linboan
2018/04/27 eta kitto!
Soraia Anakabek 44 urte daramatza arraindegian lanean. Merkatu plazan egon da 14 urte zituenean gurasoekin lanean hasi zenetik eta orain, 58 urterekin, bertan jarraitzen du. Errebaletik Rialtora pasatu zen, baina ez du jauzia emango Errebalera berriz. Kalte-ordaina ere ez du jasoko, justiziak horrela badio behintzat. Bera da erreskatea jaso ez duen merkatu plazako saltzaile bakarra eta proiektu berrian bere arraindegiak ez du tokirik edukiko. Engainatua sentitzen da. “Umiliatua”, berak esan digun bezala.

 

Gau guztian Ondarruko portuan arraina deskargatzen egon eta gero, Soraia Anakabek Rialtoko merkatu plazan duen postua utzi eta bere egoeraren berri eman digu kafea hartzen dugun bitartean. Astelehenak nahiko lasaiak izaten dira merkatu plazan. Hala ere, ez du ia bezerorik espero. “Rialton ez dut ezer saltzen, ez da ia inor sartzen toki ilun horretara, betikoak bakarrik”, aipatzen du atsekabez. Saldu edo ez, bezeroei produktu onena eskaintzen saiatzen dela esaten digu. “Horrela izan da nire egunerokotasuna bizitza guztian. Beraz, harrotasunez uztea nahiko nuke toki hau”. Agurtzeko hitzak dirudite eta baliteke horrela izatea.

Soraiak postu txukuna zeukan Errebalgo merkatu plazan. “Ekipamendu berria neukan, modernoa sasoi hartarako, eta dena botata utzi behar izan nuen, egun batetik bestera Rialtora etorri behar izan genuelako”. Une zailak izan ziren senarrari bihotzekoa eman ziolako, baina ilusioz ikusten zuen Errebaleko proiektu berria. 2003ko abenduaren 15ean Errebalgo zentro berrian postua hartuko zuela zehazten duen konpromezua sinatu zuen Udalarekin, “baina lehendabizi Rialton egon behar ginen urtebete edo bi gehienez, esan ziguten moduan”. Erreskatea edo kalte-ordaina jaso eta kontzesioa galtzeko aukera eduki zuen, baina Rialtora jaitsi zen, “Errebalen geunden denak bezala”.

Hizketaldian zehar hainbat aldiz adierazten du Soraiak gehiegi konfiatu zuela politikarien berbetan. “Agindutakoa sinestu eta Rialton urtebete aguantatuko nuela pentsatu nuen toki berrira joateko ilusioz, baina jendeak ilusio hori galdu egin zuen denborarekin”. Beste saltzaileek kalte-ordaina jasotzeko hautua egin zuten, baina Soraiak ez, berak proiektu berrian parte hartzen jarraitu nahi zuen. Proiektuak, ordea, ez zeukan tokirik Soraiaren arraindegirako.

 

Toki gabe proiektu berrian

2007an Errebalgo merkatu plaza bota zuten eta zentro berria eraikitzeko obrak hasi ziren, baina Errebal Center proiektua bertan behera geratu zen 2009an. Beraz, Udalak lursaila erosi zuen berriz eta proiektu berria jarri zen martxan. “Erreskatea hartzeko aukera egin zien berriz kontzesioa utzi nahi zutenei, baina nahi ez zutenei proiektu berrian jarraitzeko aukera eman zien”. Soraiak ez zuen erreskatea hartu.

Errebalgo proiektu berria garatzeko prozesu parte-hartzaile baten bitartez herritarren iritzia jaso eta gero, zentro multifuntzionala eraiki nahi zela erabaki zuten herritarrek. “Zentro horretan ez da arraindegirik, harategirik edo halakorik jarriko, herrian badagoelako eskaintza hori, baina ez dut jaso ez idatziz ez berbaz han ez dudala tokirik izango”, azpimarratu digu Soraiak. Ahoz aho eta hedabideen bitartez jakin du horren berri, eta horrek mintzen du. “Orain, ez daukat tokirik proiektu berrian eta ezin dut kalte-ordainik jaso”.

 

Udalarekin hartu-emana

Bere egoeraren berri izan zuenean Udalarekin kontaktuan jarri zela adierazi digu Soraiak, baina konponbidetik urrun daude. Aurreko legegintzaldian Ekonomia, Berrikuntza eta Lanaren Garapen zinegotzia izan zen Maria Jose Telleriarekin bildu zen eta esperantzarako bidea ireki zitzaion. “Emakume jatorra izan zen eta zera esan zidan: “Badakit ez garela ondo portatu, gauzak ez direla irten guk nahi genuen bezala. Beraz, zuek diru bat eskatu, justifikatu zergatik eskatzen duzuen diru hori eta saiatuko gara hori egiten”. Kontua da berak kargua utzi zuela eta Alberto Albistegi jarri zela bere tokian. Berarengana joan ginen eta Telleriak esandakoa komentatu genion. Kasu honen berri izan behar zuela esan zigun. Bizkor enteratu zen: “ez dizuegu ezer emango”, erantzun zigun”, dio Soraiak.

Bere egoera justua ez dela argi dauka Soraiak, “eta, batez ere, umiliagarria da”. Inpotentzia sentitzen du eta engainatu egin dutela dio, baina aurrera jarraituko du berarentzat justua denaren bila. “Akordio adiskidetsua lortu nahi izan dut beti, pertsonen moduan konpondu nahi nuen, baina ez dute nahi izan”. Ondorioz, abokatuen esku utzi dute kontua eta datozen asteotan argitu daiteke Soraiaren etorkizuna. Hala ere, babesik gabe sentitzen da. “Guk ezin dugu ezer egin Udalaren aurka”.

Miguel de los Toyos alkateak dio bera prest egongo litzatekela niri kalte-ordaina emateko, baina teknikariek nire egoera baloratu eta gero ezin didatela dirurik eman esaten du; artikulu, lege edo arau bat betetzen omen ez delako”, Soraiaren berbetan. ‘...eta kitto!’-k Udalaren ikuspuntua jakin nahi izan du eta alkateak berba egiteko asmoa erakutsi du, baina elkarrizketa egin behar zen egunean bertan jakin dute maiatzaren 2an egingo dela gai honen inguruko epaiketa eta, idazkariaren gomendioak jarraituz, adierazpenik ez egitea erabaki dute prozesu legala ez oztopatzeko. Alkateak Soraiak esandakoa errespetatzen duela adierazi dute Udaletik eta epaiketa amaitzean baloratuko duela nolako adierazpenak eskaini.

 

Bizitza hondatuta

Hamaika urte pasa dira Errebal utzi zuenetik eta orduan jakin izango balu gaur egun egoera honetan egongo zela, beste erabaki bat hartuko zuela dio Soraiak. “Orain dela hamar urte proiektu interesgarria zen. Ilusioz eutsi genion, baina bizitza hondatu egin zait”. Oraindik hainbat urte geratzen zaizkio jubilatzeko, baina arraindegitik kanpo nahiko ilun ikusten du egoera. “Supermerkatu handiei ez zaie esperientzia axola, langile gazteak nahi dituzte”.

Epaiketa eta epaia iritsi bitartean Rialton jarraituko du Soraiak. Ez da bakarra bertan, eraikin barruan hainbat denda zabalik daudelako, baina eurek kalte-ordaina jaso dute aurretik kontzesioaren truke. “Niri 2017an amaitu zitzaidan kontzesioa”, aitortzen du Soraiak, “hutsune legalean nago”.