Ilara amaigabea sortu da Hezkuntza Esparruan EAEko Haurreskoletako ordezko hezitzaileen zerrenda osatzeko

Ilara amaigabea sortu da Hezkuntza Esparruan EAEko Haurreskoletako ordezko hezitzaileen zerrenda osatzeko
2017/06/13 eta kitto!
Lehen ordutik ehunka hezitzaile elkartu dira Eibarko Hezkuntza Esparruan, atzo (ekainak 12) "Haurreskolak" Partzuergoak hezitzaileen zerrendak aldi baterako irekitzeko egin zuen deialdiari erantzunez.  Gaur eta bihar, eguaztena, egongo da horretarako aukera, 9:00etatik 13.00etara, Partzuergoko egoitzan (Otaola hiribidea 29, Jaizkibel eraikina 1).
Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak ordezkapenetarako hautagaien zerrendak ixtea erabaki zuen 2011ko urriaren 28tik aurrera. Azken aldian ordezkapenak betetzeko arazoak izan dituzte, eta, hori dela eta, zerrendak ireki behar izan dituzte Hezkuntza Sailetik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurreskoletako hezitzaileen langileen ordezkapenak egin ahal izateko.
Deialdi honetan hezitzaileen merituak ez dira baloratuko eta "hautagaiak erregistroan sarreraren hurrenkeraren arabera sartuko dira gutxienezko baldintzak betez gero". Hori dela eta, zerrendan apuntatzeko epea gaur  09:00etan zabaldu bada ere, atzo arratsaldean hasi zen Euskal Herriko osoko jendea Hezkuntza Esparrura hurbiltzen. "200 lagun inguruk gaua bertan pasatu dugu" adierazi digute. Ehunka lagunek ilara amaigabea osatu dute –Hezkuntza Esparru osoa zeharkatzen zuen eta  errepideraino iristen zen– eta gauzak nola egin diren salatu nahi izan dute: "azken orduan egin dute deialdia: atzo ireki zen, eta jende asko atzotik dago hemen. 6 urte egon dira zerrendak itxita eta  gaur, hemen, bizi ari garen egoera  lotsagarria dela salatu nahi dugu".

haurreskolak1 haurreskolak2 haurreskolak4