Lanbide Heziketa euskaraz egiteko bultzada

0    Hezkuntza 
Ekhi
Lanbide Heziketa euskaraz egiteko bultzada
03 Mai
12:08

Bizitza osoan ikasketak euskaraz egin eta gero, Lanbide Heziketa egiteko autua egiten duten gehienek gazteleraz jarraitzen dute euren hezkuntza bidea. Euskaraz ikasteko aukera izanda, nahiago dute Lanbide Heziketa gazteleraz egin. Armeria Eskolako eta Uni Eibar-Ermuako arduradunek horren arrazoiak jakin nahi dituzte eta mintzodromoa antolatu dute Eibarko Udalarekin eta ‘…eta kitto! Euskara Elkartearekin’ elkarlanean.

 

Mintzodromoa egitea planteatu dugunetik hasi dira ideia eta arrazoiak irteten”, esan digu Garikoitz Garmendia Armeria Eskolako idazkariak. Oskar Gisasola Uni Eibar-Ermuako zuzendariordearekin batu eta ikasleek Lanbide Heziketa euskaraz egitea aukeratzeko egiten diharduten lanaren berri eman digute. Datuak dituzte, susmoak baita ere (“Lanbide Heziketak badauka kutsu erdalduna”, aitortzen du Garmendiak), baina Udalarekin, euskara elkarteekin, DBH eskaintzen duten ikastetxeekin eta enpresekin elkarlana sustatu nahi dute egoera honen kausak ezagutu eta euskararen alde lan egiteko bideak zehazteko. Horretarako, mintzodromoa egingo da maiatzaren 9an Untzagan (euria eginez gero, udaletxeko arkupeetan) 10:00etatik 12:00etara.

Eragileek esan behar dutena entzun eta bakoitzak bere ikuspuntua azaltzeko antolatu dute mintzodromoa. “Parte-hartzaileagoa izateko, ez norabide bakarrekoa”, Garmendiaren berbetan. “DBH duten ikastetxeetako orientatzaileek, Ulibarrin dabiltzan normalkuntza koordinatzaileek eta euskara planak dituzten enpresek jaso dute mintzodromoan parte hartzeko gonbidapena. Ahal izanez gero, ikasle eta irakasleek parte hartzea ere ondo legoke”, adierazi digu Gisasolak.

Eibarren Lanbide Heziketa eskaintzen duten bi zentroek hartuko dute parte mintzodromoan, Armeria Eskolak eta Uni Eibar-Ermuak, “egoera sufritzen dugunok”. Gainera, Lanekiko Kepa Altubek, Junkal Txurruka Eibarko Udaleko euskara teknikariak eta ‘…eta kitto! Euskara Elkarteak’ lagunduko dute antolakuntzan.

 

Arrazoi eta konponbideen bila

Hiru galdera planteatuko zaizkie mintzodromoan parte hartuko dutenei. Lehenengo, egoera zein den mahai gainean jarriko dute. “DBH eta Batxilergoan gehiengoak euskaraz ikasten du, baina Lanbide Heziketan hori ez da gertatzen”, dio Garmendiak. Bestetik, euskaraz ikasteak dakartzan onurak plazaratuko eta eztabaidatuko dituzte. “Eibarko datuek diote lanean euskara gehiago erabiltzen dela kalean baino, euskara planak dituzten enpresa asko dago eta administrazioan lan egiteko euskara beharrezkoa da”, Garmendiaren berbetan. “Dena onurak dira”. Eta azkenik, “jendearengana heldu eta euskaraz ikasteko dagoen aukera zabaltzeko egin behar denaren inguruan egingo dugu berba”.

Mintzodromoan parte hartuko dutenek euren iritzia emango dute gai hauen inguruan, baina ez da ideia trukaketa bat besterik izango, baizik eta bide berri bat hasteko lehen pausoa. “Galdera horien inguruan sortzen diren eztabaida eta ideiak batu eta lanean hasteko ildoa sortzea da asmoa”, azaltzen du Gisasolak. Ekimen honetatik ateratako ideiak matrikulazio kanpainan igartzea espero dute, baina hurrengo urteetara begira oinarriak ezartzea da asmoa.

Ikastetxeetan barneko lana egitea beharrekoa dela uste dute Garmendia eta Gisasolak. “Ikasle bat matrikulatzera joan eta oraindik zer ikasi erabaki ez badu, harrera egiten dionak ikaslea bideratzeko ahalmena dauka eta, hori modu batean edo bestean egiten bada, euskaraz ikastea erabakiko du edo ez”, dio Gisasolak Garmendiak arrazoia ematen dion bitartean.

 

Eibarko zentroen eskaintza

Ikasle gehienek Lanbide Heziketa gazteleraz egitea aukeratzeko arrazoiak jakiteko balioko du mintzodromoak. Gisasolak Uni Eibar-Ermuan normalkuntzaren inguruan lan egiten dutenei galdetu die horren inguruan eta, euren berbetan, euskaraz dakienak euskarara jotzen du, eta gazteleraz hobeto moldatzen denak gaztelerara. Uni Eibar-Ermuan gazteleraz edo euskaraz, batean edo bestean, eskaintzen dira Lanbide Heziketako ikasketak. “Ziklo bakarra daukagu euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera ematen duena”.

Armeria Eskolan, ordea, ziklo guztiak euskaraz edo gazteleraz egiteko aukera eskaintzen dute. “%55 A eredura joaten da, %30 D eredura eta gainontzekoak eredu mistora”, Garmendiaren berbetan. Gero eta ikasle gehiagok euskaraz ikasteko bidea hartzen dutela dio Armeria Eskolako idazkariak eta mintzodromoarekin aurrerapauso handiagoak ematea espero du.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »