Eibar urpera begira jarri zuten gizaigelak

Eibar urpera begira jarri zuten gizaigelak
2018/01/12 11:35 eta kitto!
50 urteko ibilbidea daramate Eibarko Urpekoek. Urpeko arrantzan ondo pasatzeko aritzetik erreskateak egitera pasa ziren, uretan ibiltzeko zuten trebezia besteen esku utzi eta adorea erakutsiz. 50 urtetan taldeak izan dituen gorabehera, abentura eta istorioak gogoratu dituzte taldearen sorreran zein lehen urteetan aritu ziren kideek; eta oraindik ere, urpean igeri egiteko pasioa ez da eten euren barrenean.

 

Elkarrekin arrantzan ibiltzen ziren laupabost lagun batu ziren Eibarko Urpekoak taldea sortzeko. “Hondarbeltzetik ezagutzen nuen Xabi Larrañaga, Fernando Lasa nire lehengusua, Pedro Agirregomezkorta ‘Petrus’, Mario Rocandio, Jose Maria Ibarzabal ‘Kalitxe’ eta ni neu hasi ginela esango nuke”, aipatzen digu memoria eginez Roberto Fuentesek. Fuentes berak jaso zuen urtarrilaren 31an ‘...eta kitto!-k’ banatzen dituen Eibarko Kirol Sarien aipamen berezia Eibarko Urpekoen izenean, taldeak kirol munduan bete dituen 50 urteengatik.

Taldearen sorrera ez zen aisialdian dabiltzan gazte batzuei bururatzen zaien bultzada bat izan. “Uretan erreskate bat egiteko deitu ziguten Fernando eta bioi”, gogoratzen du Robertok, eta “klub bat sortuko dugu?”, pentsatu zuten bapatean. Taldetxoa sortu eta, Fuentes JD Arrateren zuzendaritzan zegoela aprobetxatuta, taldea bertan eratzeko proposamena egin zuten. “Ondo iruditu zitzaien”, eta horrela hasi zuten Eibarko Urpekoek 50 urteko ibilbidea.

Denetariko kirolak batzen zituen bere baitan JD Arratek, baina urpekoek ez zuten asko iraun bertan. “Urtebete eskas egon ginen”, gogoratzen du Robertok. Txapelketarik irabazten ez zutela leporatzen zieten eta “taldea uzteko gonbitea” jaso zuten, “baina zeinen ondo pasatzen genuen ur azpian!”. Kluba utzi beharrak ez zuen euren pasioa eten eta berehala aurkitu zuten etxe berria, gaur egunera arte euren jarduna bere baitan hartzen duen familia: Eibarko Klub Deportiboa.

 

Itsaso gabeko urpekariak

Urpeko-arrantza egiten zuten hasiera batean Eibarko Urpekoek. Poliki-poliki “familia handitzen” joan zen eta eskafandra-urpekaritzarekin hasi ziren geroago. “Gizaigelen garaikoak dira”, dio Javi Escuderok bere taldekideei buruz. Beste taldekideak baino gazteagoa izanik, Escudero ez zen hasieratik taldean egon, baina hamarkada asko daramatza bertan eta milaka bizipen gogoratzen ditu urpeko kideekin. “Euren artean, oraindik ere, izendapen hori erabiltzen dute. Ni, ordea, aldaketa sasoikoa naiz, gizaigeletik urpekari deitzera pasa zenekoa”.

Itsasorik gabeko herri bateko lehen urpeko taldea izan zen Eibarkoa, eta Espainiako Urpeko Arrantza Txapelketa antolatu zuena ere. “Munduko urpekaririk onena etorri zen Espainiako Txapelketa horretara, Jose Amengual”. 1974an antolatu zuten txapelketa, taldea sortu eta urte gutxira, eta antolatzeko egin behar izan zuten esfortzua oso handia izan zen. Milioi bat pezetako aurrekontua izan zuten horretarako, “sasoi hartarako dirutza zena”. Txapelketak arrakasta handia izan zuen Eibar inguruan eta urpeko arrantzarekiko zaletasuna handiagotu zen.

 

Urpekari autodidaktak

Urpekaritzak dimentsio handia hartu du gaur egun mundu osoan zehar, Kantauri isurialdetik Thailandiako itsaso exotikoetara arte ikusi daitezke itsasoko sekretuak deskubritzen ari diren oxigeno botiladun gizon-emakumeak, baina 60. hamarkadan ez zen hain ohikoa. “Oso jende gutxi ari ginen urpekaritzan, orain beste mundu bat da”, dio Xabi Larrañagak. “Gaur egun berehala egiten dizute urpeko-bataioa eta urpekari bihurtzen zara; lehen, ordea, demaseko lana behar zen agiriak lortu eta urpean aritzeko”. Agiriak jasotzeko Pasaiako Itsas-Komandantziara joan behar ziren, “oso zorrotza zen hori guztia eta marinelek izan zitezkeen santzioak jaso ahal genituen”, aipatzen du Escuderok.

Eibarko Urpekoek euren kabuz ikasi zuten ur azpian ibiltzen. “Gero, Tomas Errandorena ezagutu eta berarekin ikasi genuen”, gogoratzen du Xabik. Errandorena urpekari profesionala zen eta bere ikastaroak jaso zituzten eibartarrek. Urpean aritzeko agiria lortzea asko kostatzen zenez, “ondo aprobetxatu” nahi izaten zuten eibartar gazteek. “Gozatzeko asmoarekin genbiltzan uretan. Beraz, noizean behin taldetxoak egin eta Debara joaten ginen oxigeno-botilekin”, Xabik dionez. “Urpean paseoa eman, gozatu eta kitto”.

Hasiera batean sarbide errazeko tokietara joaten ziren, “urpekaritza egiteko botilek asko pisatzen zutelako”, eta urte batzuk geroago ontziarekin toki gehiagotara joateko aukera izan zuten, baina Deba eta Mutriku aldean ibili dira batez ere.

Itsasoa hain zabala izanik, beste ur batzuetan murgiltzeko aukera ez dute alferrik galdu. Galizia, Medes Uharteak (Girona) eta beste hainbat tokitako urpeko munduak ezagutu dituzte, “eta demaseko aldaketa somatzen duzu hemengo urekin alderatuz”. Sasoi hartan irteera hauek egitea “jauzi handia” zela aipatzen du Javik, eta urpean igeri egiteko orduan ere ikusgaitasun aldetik alde handia dagoela dio Xabik.

 

Erreskate ugari

Urpean ondo pasatzeaz gain, beste ekintza ausartago batzuetan aritu izan dira euren ibilbidean. “Jendeak bazekien urpekariak ginela eta erreskateak egiteko deitzen hasi ziren”, aipatzen du Xabik. Ehun eta hogeitik gora erreskate egin dituzte Eibarko Urpekoek, eta bat-batean denak oroitzen ez badituzte ere, euren memoria fintzen doa kasu batetik bestera gogoratzen hasten direnean.

Istripuen ondorioz urpean geratutako gorpu asko atera dituzte, “baina beste batzuetan ezinezkoa izaten zen”. Askotan euren bizia ere arriskuan jarri zuten, “izan ditugu hainbat ezusteko”, baina eurek dioten bezala, “gorpu batek asko balio du, familiarentzat oso garrantzitsua izaten da gorpua uretatik erreskatatzea, bai arlo sentimentalarengatik, baita arlo legalarengatik ere”.

Eibarko Urpekoak erreskateak egiten ari zirenean ez zegoen urpean aritzen zen Goardia Zibilik eta eurak ziren ur azpian aritzen ziren ia bakarrak. Beraz, hara eta hona ibiltzen ziren salbatze-lanak egiten. “Sasoi hartan istripu asko egon zen Deba ibaian, negu bakoitzean pare bat auto erortzen ziren gutxienez”, dio Javik. “Erreskateek klubaren jarduna baldintzatzen zuten”. Urpeko taldeko batzuek lana egiteari utzi behar izaten zioten erreskateak egiteko, “eta ibaian sartzea oso gogorra da”. Ikusgaitasun gutxirekin hotz handia pasatzen zuten (“orduko trajeak ez ziren gaur egunekoak bezalakoak”), baina trebezia askorekin ausardia handia erakutsi zuten erreskateetan. “Eta gure jarduna erabat altruista zen, ez genuen kobratzen”.

Preziorik ez duena urpekaritzarekiko duten pasioa da. Adinak ez du barkatzen, batzuk joan dira eta beste batzuk lehorrean geratu beharrean daude, baina ahal duenak itsasoari begiratzen dio oraindik. “Javi, ea aurten dozena erdi urperaldi egiten ditugun”, ziztatzen dio Xabik Javiri. Badabiltza irteerak prestatzen.

“Ur azpian sentitzen duzuna berezia da, oso atsegina”, Xabiren ustez. Urak asko eman die eta eurek ere asko eman diote urari, eta baita gure herriari ere. Eibar urpera begira jarri zuten.