Dee Versions: “Abesti batzuen bertsioa egitea ez da makala”

Dee  Versions:  “Abesti  batzuen  bertsioa  egitea  ez  da  makala”
23 Mar
5:26

Musika maite duten lagunen batura da ‘Dee Versions’. Orain dela hiru urte inguru taldea sortu eta gero, Mikel Ojanguren, Mikel Quina, Asier Pozuelo, Borja Etxebarria, Asier Cascan eta Julen Oruesagasti eszenatoki gainera itzuli dira etenaldi baten ostean. Gogotsu bueltatu dira eta saxofoia gehitu diote bandari historiako rock talde handienen bertsioak ekartzen jarraitzeko.

 

– Zergatik bueltatu zarete eszenatoki gainera?

Taldekide gehienak koadrilakoak gara eta nahiz eta eszenatokietan jotzen ez ibili, musika jotzeko elkartzen jarraitu dugu. Bueltatzeko gogoz egon gara, kontzertuak ikustean guri ere berriz zuzenean jotzeko nahia piztu zaigu eta horregatik itzuli gara.

– Taldeak lehen moduan jarraitzen du?

Etenaldiaren aurretik genuen beste gitarra-joleak taldea utzi behar izan zuen ikasketengatik eta Asier Cascán Ermuko Stai Zitto taldeko kidea sartu da. Gainera, Julen Oruesagasti saxofonista ere hasi da gurekin eta musika-tresna hori jotzeagatik aukera gehiago ematen dizkigu taldeari, antzinagoko musika egin dezakegulako.

– Talde handien abestien bertsioak egitea ardura handia da?

Bai, abesti batzuen bertsioa egitea ez da makala. Klasiko unibertsalak jotzen ditugu. Pink Floyden abestiak jotzea, adibidez, ardura handia da. Era berean, abesti originalen eredua hor daukagu eta badakigu ez garela euren mailara iritsiko. Gure bidea bilatzen dugu, barregarri ez geratzea. Gutxienez, talde horien izena ez zikintzea (barreak). Talde horiekiko errespetu handiarekin jotzen dugu.

– Abestien bertsio libreak egiten dituzue edo talde originalek bezala jotzen saiatzen zarete?

Nahiko kopiatzaileak gara, baina daukagun maila daukagu. Beraz, nahiko bertsio libreak dira gure maila kontuan hartzen badugu. Talde originalek bezala jotzeko gaitasuna izango bagenu, horrela egingo genuke.

– Zein talderen bertsioak jotzen dituzue?

The Beatles, Rolling Stones, Elvis Presley, Pink Floyd, Steve Wonder… rock dantzaria jotzen digu, nahiko saltseroa.

– Badago nahi eta ezin jo duzuen abestirik?

Askotan abeslariak errepertorioa mugatzen du, modurik onenean esanda. Bera heltzen ez den tonu altuak dituen abestiak ezin ditugu jo edo beste tonu baxuago batean jotzen saiatzen gara. Led Zepellin edo Deep Purpleren abestien bertsioak egitea, adibidez, oso zaila da.

– Zuen abestiak sortzeko asmoa daukazue?

Proiektu honetan ez, gozatzeko asmoarekin bakarrik gabiltza hemen. Gainera, asko ikasten dugu bertsioak egiten. Taldekide batzuk beste proiektu musikaletan dabiltza eta ‘Dee Versions’ dibertimendua da.

– Ermuko Lurpe tabernan jo berri duzue. Kontzertu gehiago ematea aurreikusten duzue?

Lurpekoa oso ondo egon zen, gustura geratu ginen. Bihar Untzagan jotzekoak ginen Alfako langileei babesa emateko, baina kontzertua atzeratu egin da. Gero, hilaren 29an Zarauzko Garagardoaren Ferian egongo gara.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »