Euskarara hurbiltzeko gozamena ezinbestekoa da

Euskarara hurbiltzeko gozamena ezinbestekoa da
2017/05/27 eta kitto!
Goizeko 9:00etan eman zaio gaur hasiera, Portaleko Areto Nagusian, ...eta kitto!  Euskara Elkarteak antolatutako “Euskararen Transmisioari buruzko Mintegia”ri. Aurtengoa zazpigarren edizioa izan da, eta euskarari buruzko hainbat ikerketa, hausnarketa, egitasmo eta esperientzia partekatu dira. Umoreak pisu handia izan du gaurkoan. Porrotx-ek parte-hartzaile guztion irribarrea atera du, eta euskararen alde lan egiteko gozamena, bizipoza eta ilusioarekin jardutea zein garrantzitsua den gogorarazi du. Hitzaldien ostean, Jaime Altunak gidatutako mahainguruarekin amaitu da aurtengo ekitaldia, 14:30ak aldera.


Esti Amorrortu Esti Amorrortu

Esti Amorrortu, Deustuko Unibertsitateko irakasleak ”Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak” ikerlanaren emaitzak azaldu ditu. Azken 5 urteetan landutako lana da, eta Ane Ortega, Jone Goirigoitzarri eta Jackie Uriarekin batera jardun du beharrean. Euskal hiztun berrien hizkuntza ohiturak aztertu dituzte, eta hauen ikuspegi orokorra ematea izan dute helburu. Estiren ustetan, “hiztun berriena talde estrategikoa da euskararen normalizaziorako. Hemendik aurrera hiztun berriak izango dira euskal hiztun gehienak, euskal komunitatearen izaera aldatuz doa”. Hiztun berriak lirateke euskaraz funtzionatzeko gai direnak eta familiatik kanpo ikasi dutenak. Metodo kualitatibo zein kuantibatiboak erabili dituzte ikerketa egiteko. 614 lagunek hartu dute parte ikerlanean, 18-55 urte bitartekoak eta euskara maila onekoak. Lau gune soziolinguistiko aukeratu dira eta hiriguneek aparteko interesa izan dute. Patroi desberdinak daude, batzuk euskaraz bizi dira eta beste batzuk ia ez dute erabiltzen. %51 erdaraz euskaraz baino gehiago mintzatzen da. Heren batek erabiltzen du euskara eta bi herenek oso gutxi.
Erabilera zerk eragiten duen azaltzeko testuinguru soziolinguistikoa, sareak, gaztelaniaren presioa, gaitasuna eta ohitura bezalako faktoreak hartu behar dira kontuan”. Testuinguru soziolinguistikoa inportantea da euskararen kasuan, baina horrek ez du esan nahi erabilera ziurtatuta dagoenik. Sareei dagokienez, pertsona batzuk lortzen dute euskal sare bat sortzea nahiz eta testuinguru erdaldunetan bizi, eta batzuk sare euskaldunetan sartzeko lan handia egiten dute. Euskara asko erabiltzen dutenek euskara egiteko aukera guztiak aprobetxatzen dituztela diote. Beraz, jarrera proaktiboa behar da testuinguru euskadunetan ere. Sareek garrantzi handia dute.
Ohiturari dagokionean, harreman-hizkuntza aldatzea oso zaila izaten dela dio Amorrortuk: “Zenbat eta hurbilagoa izan harremana, gero eta zailagoa da ohitura aldatzea”. Gutxi hitz egiten dutenek esaten dute ohituragatik ez dutela euskaraz hitz egiten, testuinguruagatik eta euskaldunek erdaraz egiten dietelako.
Bizitzan aldaketa bat ematen denean (Institutuan edo Unibertsitatean hasterakoan; lan munduan sartzerakoan…), orduan ematen da mudantza edo hizkuntza aldaketa hori. Ikerketaren arabera, gehienek lagunekin aldatu dute harreman-hizkuntza. Familiarekin zailagoa da. Mudantza ematen da testuinguru oso euskaldun batera bizitzera joatean, bikote euskaldun batekin hasterakoan, guraso bihurtzerakoan, sare berrietan edo jarduera berrietan sartzerakoan eta batez ere euskararekiko kontzientzia hartzean.

Arrate Gisasola Arrate Gisasola

Soraluzeko guraso ia euskaldunek euskararekin duten harremana aztertu du EBETE-ko Arrate Gisasolak Hiznet graduondokorako egindako azterlanean. Haur eta gazteen artean euskararen erabilerak behera egin duela ikusita, eta, bestalde, kezka pertsonalak bultzatuta erabaki zuen eibartarrak gai horri eustea. Lanak bi alderdi nagusi ditu: batetik, Soraluzeko guraso ia euskaldunen pentsamendu eta bizipenetan sakontzea: hizkuntza ibilbidean, familia transmisioan, jarreretan aurreritzietan…, eta, bestetik, Soraluzeko guraso ia euskaldunak euskararen normalizazioan aktore aktiboago izateko proposamena lantzea. Aurreiritzi asko daudela uste du Arratek, “guraso hauek normalean erdalduntzat ditugu, eta aurreritziak eta ohitura horiek aldatzea zaila da. Eskolak ez zien euskara ikasten lagundu (A edo B ereduetan jardun zuten). D ereduan ikasiko dute euren seme-alabek, beraz ondo ikasiko dutela uste dute. Hau da, eskolaren gain lagatzen dute ardura, ez dute uste euren jarrera determinatzailea denik. Umeekin euskara bultzatzeko ze estrategia erabiltzen dituzten galdatzerakoan nahiko motz gelditzen dira. Batzuk euskararen historiaz ezagutza handia dute, beste batzuk txikiagoa, eta pentsatzen duguna baina modu positiboagoan hartzen gaituzte”.

Porrotx Porrotx

Jose Mari Agirretxe “Porrotx”en testigantza ere izan dugu gaurko ekitaldian. Jose Mari Eibarko Kultur Etxetik `galdu´ da, eta, azkenean, “Porrotx”ek jardun du berbetan: “Lasarte-Oriakoa, herri indutrializatu batekoa naiz ni. Nazionaletan ikasi nuen, eta euskara dezente galdu nuen. Mudantza bat sentitu nuen 16 urterekin: institutuan kontzientzia hartzen hasi nintzen. AEKn hasi nintzen eta Magisteritza euskaraz egin nuen. Lasartekoak eskualdeko ahate itsusiak ginen eta euskara bultzatzen hasi ginen, Euskararen Maratoia, esate baterako”. Umorea bizitzari aurre egiteko modua dela uste du Porrotx-ek: Irrien Laguna orain dela 6 urte sortu zuten, eta Bizipoza elkartearen bitartez bertan parte hartzen duten taldeen balioak gizarteratzen ahalegintzen dira. Euskalgintzak Lasate-Orian egin duen ibilbidea errepasatu ondoren, azken 20 urteetan erabilera bikoiztu egin dela dio Porrotxek. “Inportanteena naturala izatea eta egiten dugunarekin gozatzea da. Euskara, komunikazio-tresna izateaz gain, balioak transmititzeko tresna ere bada, eta mundu itsusi hori eraldatzeko erabili behar dugu”. Herrigintzaren bitartez eragileek bat egitearen eta auzolanaren garrantzia azpimarratu du Porrotx-ek, umorea ahaztu gabe. Beraz, gozamena, bizipoza eta ilusioa… horiek dira bere ustez euskararen osasunaren gakoak.

Asier Lafuente Asier Lafuente

“Agurainen, egunerokoan, 75 ordu euskaraz” hitzaldia eskaini du Asier Lafuente, ekimenaren antolakuntzako kideak. “Erabilerak ekarriko du motibazioa” printzipiotik abiatuta, Agurainen euskaldunak aktibatzeko eta erdaldunei klabe batzuk emateko beharra ikusi zuten: “Euskara erabiltzeko gogoa sortu nahi genuen, jokabide aktiboa sortu nahi genuen eta jarrera positiboa erdaldunen artean”. Ekimenaren bultzatzaileak herriko 20 lagun izan ziren, eta euren kabuz egitea erabaki zuten, Udalari ezer proposatu gabe. Konpromisoa hartuko zuen jendearen bila hasi ziren, “bere bizitzako arlo guztietan euskaraz aritzeko eskatzen genien: etxekoekin, koadrilako lagunekin, ezagunekin, lankideekin, dendetan, ezezagunekin…”. Tailerrak antolatu ziren, sare sozialak erabili ziren, kartelak, triptikoak… Bisitak ere egin zituzten eta proiektua ikustarazteko ekimen asko antolatu ziren: “Pedagogia egiten jardun genuen 9 hilabetetan”. Bi ohitura aldatu nahi zituzten: euskaldunok, berehala, erdarara pasatzeko joera, eta erdaldunak, berehala, erdarara pasatzeko eskaera. “Ohiturak aldatzea zen gure asmoa”, eta esperientzia positiboa izan dela uste dute: 294 lagunek eman zuten izena. Egitasmoak hizkuntza mudantzak egitea ahalbidetu du, eta erabilera errazteko prestatu diren eremuetan harreman berri gehiago lortu dira. Gainera, Aguraingo erdaldunengan ere eragin dute. Kanpainarekin ikusi dute nahia badagoela eta 104 kolektibo eta establezimenduren babesa lortu dute. “Politika linguistiko ausartagoak izan behar direla” erakutsi die esperientziak.

Maru Eriz eta Argiñe Korta Maru Eriz eta Argiñe Korta

Argiñe Korta eta Maru Eriz “Argia ikastola: Erriberan etorkizuna ereiten” gaiari buruz aritu dira. Tuteratik 4 kilometrotara, Fontellasen dago Argia Ikastola. 33 urte ditu eta “gauzak ez dira errezak izan”. Ikasleak 18 hilabeterekin hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara arte egoten dira Ikastolan. Gero, Iruñara joan behar dira Batxillergoa edo Lanbide Heziketa egitera. Gaztelera da hizkuntza ofizial bakarra eta kalean erdara da entzuten dena. Ikasle gehienen ama hizkuntza erdara da, eta euskara barneratzeko daukaten modu bakarra txiki-txikitatik euskara egiten hastea da. Ikastolan euskara eta euskal kultura bultzatzen dira, eta ikastolatik kanpo ere motibazioan eragiteko hainbat ekintza egiten dituzte. “Denok batera lan egitea (irakasleak, ikastolako langileak…) oso inportantea da, eta familien konpromisoa ere ezinbestekoa da euskalduntze prozesu horretan: gurasoendako klaseak ematen ditugu Ikastolan bertan AEKrekin elkarlanean. Guraso guztiak ez dira etortzen bakarrik euskaragatik (proiektu pedagogikoa ere baloratzen dute), eta gero engantxatu behar izaten ditugu”. Etorkizunera begira matrikulazioa hobeto nahi dute –gaur egun 200 ikasle dituzte–. Jakina da euskara eztabaidagai dela Nafarroan, eta Erriberan gehiago. Beraien esanetan, “Orain arte agintariek oso mezu txarrak eman dituzte, baina badirudi Gobernu berriarekin joera hori aldatzen ari dela. Dena dela, ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den. Gurasoak guregana eta auzolanera hurbildu nahi ditugu”.

Maite Asensio Maite Asensio

Urtxintxa Eskolako Maite Asensiok “Euskara eta plazerra lotuz etorri berriei `harrera ona´ egin” gaiaren gainean jardun du. Haur eta gazte etorri berriekin egiten dute lan Urtxintxakoek, eta “euren lekuan ez garela jartzen” uste dute. Euskarak haurrak eta gazteak erakarri egin behar dituela dio Asensiok, “euskararen inguruko mezuak positiboak izan behar dira. Euskaraz ondo pasatzea da gure helburua, eta euskaraz jolasteko guneak sortzen ditugu. Adinaren araberako interesgune bat bilatzen dugu. Eurak ondo sentituz lortuko dugu guregana erakartzea. Beraz, fokoa ondo pasatze horretan, plazerrean jartzen dugu guk, eta ez da derrigorrezko zerbait”. Aisialdian egoera informalak sortzen dira, konfidantzazkoak, eta “euren gertuko ereduek zelako hizkuntza gaitasun duten ikusteko balio dute”. Euskaratik aparte, herriko egitasmo desberdinetan parte hartzen laguntzen zaie eta momentuan dituzten beharrei erantzuten ahalegintzen dira.

 

Mario Zapata Mario Zapata

Mario Zapata soziologoak “Hizkuntza trataera migratzaileen harreran, administrazioz kanpoko eragileen eskutik” gaia jarri du mahai gainean. Hizkuntza gutxituen sustapena eta aniztasun etnokulturala uztartu ditu Zapatak bere azken ikerketan. Euskararen eremu geolinguistikora ekarrita, eragile sozialek migratzaileei transmititutako jarrerak eta ideiak ikertu ditu azterlan horrek eta lehen saria jaso du Soziolinguistika Klusterrak antolatutako IX. Hausnartu lehiaketan. Mario Zapataren esanetan, “euskara biziberritzeko ereduak mahai gainean ditugu, baita aniztasun etnokulturala kudeatzeari dagozkionak ere. Baina estaturik gabeko nazioen kasuan, eredu horiek hutsune nabarmenak dituzte, eta beharrezkoa da ikuspuntu propio bat garatzea, esparru propio bat. Beharrezkoa ikusten dut aniztasunaren onarpena, eta bestetik, disimetriaren aitortza, hau da, gurea gutxiagotasun egoeran dagoen hizkuntza eta kultura izanik, legitimitatea eta eskubidea dugula beste hizkuntza eta kultura horiek onartzeko eta babesteko”. Migratzaileen harreraren esparruan, gabezia handiak daude hizkuntzen trataerari dagokionez: “euskararen inguruan, esate baterako, sentsibilitatea antzeman dut eragile sozialen aldetik, baina, kasu gehienetan, ez dute sentsibilitate hori euren zereginean txertatzen. Euskalgintzako eragileek antolatutako egitasmoak kenduta, gainontzeko kasuetan, ez da euskara erabiltzen. Era berean, badago migratzaileen jatorrizko hizkuntzekiko aldekotasun bat ere, baina, kasu gehienetan, ez zaio bide ematen”. Kontuan izan behar da eragile hauetako askok larrialdi egoerak kudeatzen dituztela, eta oinarri-oinarrizko harrera laguntza eskaintzen dietela migratzaileei; hortaz, askok albo batera utzi behar izan dituzte hizkuntzaren inguruko praktikak, egoeraren larritasunak behartuta. Harrera integrala eskaintzea ezinezkoa dela uste du Zapatak, “hortaz, interesgarria izan liteke eragile sozialen artean osagarritasunaren aukera jorratzea”.

Momentu alaiak bizi izan dira gaurko ekitaldian Momentu alaiak bizi izan dira gaurko ekitaldian

https://youtu.be/n02CWStD8ts

Aurkezpenean Estibaliz Alkorta Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendaria, Patxi Lejardi Eibarko Udlako euskara saileko burua eta Maider Aranberri ...eta kitto! Euskara Elkarteko burua izan dira Aurkezpenean Estibaliz Alkorta Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendaria, Patxi Lejardi Eibarko Udaleko euskara saileko burua eta Maider Aranberri ...eta kitto! Euskara Elkarteko idazkaria izan dira

Jaime Altunak gidatutako mahaingurua Jaime Altunak gidatutako mahaingurua