Miren Narbaiza, MICE: “Napoka Iriaren jarraipena bezala ulertzen dut MICE”

0    Kultura 
Ekhi
Miren Narbaiza, MICE: “Napoka Iriaren jarraipena bezala ulertzen dut MICE”
2018, Mai 22

“Kanpora bizitzera joan eta inoiz baino gehiago joko dut Eibarren”, esan digu umoretsu Miren Narbaizak. Apirilaren 22an ‘…eta kitto!’ Euskara Elkartearen 25. urteurreneko jaialdian Kokein taldeko Zaloa Urainekin jo eta gero, maiatzaren 24an Kultun eta ekainaren 24an txosnetan egongo da MICE proiektu pertsonalarekin, eta ekainaren 1ean Joseba B- Lenoirrekin EzDokFesten. Momentu gozoa bizi du musikari eibartarrak eta horren lekuko egingo gaitu herrikideak.

 

– Birritan edukiko zaitugu Eibarren hilabete honetan MICEren azalean. Zure jaioterrian jotzen duzunean ardura berezia sentitzen duzu ala etxean inon baino hobeto?

Alde bietatik zerbait sentitzen dut. Batetik, gustora sentitzen naiz, norberaren herrian jotzea polita delako eta inguruko jendeak zuzenean jotzen ikustea gustatzen zaidalako. Gainera, Kultun eskainiko dudan kontzertua arratsaldean izango denez, jende askorentzat eskuragarriagoa izango da gauez jotzea baino. Bestetik, inporta zaidan jendea begira izango dut eta bertigo pixka bat ematen dit. Horrelakoetan nahiko urduri jartzen naiz, baina berezia izaten da halabeharrez.

– Kultun arratsaldean joko duzu eta Sanjuanetan txosnetan izango zaitugu. Testuinguruak kontzertuak baldintzatzen du?

Inguruak, jendearen jarrerak, ordutegiak eta tokiak asko baldintzatzen dute. Ezberdina da Kultu barruan jotzea, jende ez askoren aurrean, gertuko giroan; edo txosnetan, toki irekian eta jai-giroan. Dena dela, txosnetako kontzertua ekainaren 24ko arratsaldean izango da eta ez dut uste demaseko jai-giroa egongo denik, baina Kultukoarekin alderatuz testuinguru ezberdina da. Kontzertuak egokitzeko aukera ematen du horrek. Polita da gertatuko dena aurreikustea eta horren arabera kontzertua moldatzea.

– Agenda betea daukazu datozen hilabeteotan. Atzerrian aritzeko aukera izango duzu Napoka Iriarekin egin bezala?

Momentuz ez, baina gustatuko litzaidake. Atzerrira irtetea ondo dago norberaren burua kokatzeko.

– Zentzu horretan, zure musika lagungarria da? Ez dauka mugarik?

Musika komunikazio-bide unibertsala da. Ez da askorik behar musika entzuten bidaiatu ahal izateko.

– Hilabete batzuk daramatzazu MICE proiektuarekin. Zer moduz joan da orain arteko ibilbidea?

Oso gustora nabil. Kontzertuak eman ahala taldea sendotzen doa, eta gero eta gustorago eta trankilago gaude. Proiektuarekiko interesa dagoela ikusten dugu, kontzertuak egiteko deiak jaso ditugu eta pozik gaude.

– Bakarkako ibilbidea hasi duzu MICErekin, baina ondo inguratuta ekin diozu bide berriari.

Kantuak egin ahala Joseba Baleztena batu zen eta bera ibili da diskoa ekoizten. Bestetik, Ilargi Agirre, Joseba eta hirurok ibili ginen diskoa grabatzen. Gero, Ibai Gogortza Borrokan taldearen eta Joseba Irazokiren gitarra-jolea, eta Fernando Neira Ruper Ordorikarekin aritzen den baxu-jolea batu dira kontzertuetarako. Kultuko kontzertuan, ordea, Joseba eta biok bakarrik joko dugu, kontzertu akustikoa egingo dugulako. Demaseko musikariak dira, beraz, ni oso pozik.

– Ander Mujikak eta zuk agur esan zenioten Napoka Iriari, baina Napoka Iriak agur esan dizue edo beti jarraituko duzue berari lotuta?

Napoka Iria ez da gugandik inoiz joango eta pozik daramagun lotura da. Betiko markatu gaitu Napoka Iriak, bertan hasi ginelako musika munduan Ander eta ni.

– Hainbeste urteren ostean Napoka Iriak izen eta ospe bat zeukan musikaren munduan. Zaila da estatus horri uko egitea eta, nolabait, zerotik hastea?

Ez diogu horri uko egin, beraz, erraza da. Napoka Iriaren jarraipena bezala ulertzen dut MICE eta etorkizunean beste proiekturen bat badator, jarraipena izango da baita ere. Ez dut sentitzen ezerrekin apurtu dudanik, jarraipena naturala izan da eta aberastu egin nau.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »