LAB sindikatuak Biltzar Nagusirako ponentzia aurkeztuko du bihar arratsaldean Portalean

LAB sindikatuak Biltzar Nagusirako ponentzia aurkeztuko du bihar arratsaldean Portalean
2017/02/07 eta kitto!
LAB sindikatuaren 9. Biltzar Nagusia abiatu dute. Ordezkarien berbetan, “maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen izango du azken geltokia prozesu kongresualak eta ordura arteko dinamika Euskal Herriko eskualde ezberdinetan garatuko da, gurean ere bai. Aurtengoa kurtso berezia da sindikatuarentzat, buru-belarri lanean ari gara aro berri bat ireki nahian, datorrena ‘Gure Garaia’ izan dadin, euskal langileon garaia, euskal sindikalgintzaren garaia, Euskal Herriaren garaia. Gogoeta prozesu oso bat egin dugu, gure eredu sindikala birpentsatzeko erronkarekin. 9. Biltzar Nagusian, orain arteko ibilbidea oinarri hartuta, aldaketa gauzatzeko erabakiak hartuko ditugu. Esku artean proiektu argi bat dugula, gure eskaintza berritzen jarraituko dugu”.

Ponentziak prestatzen ibili eta gero, horien inguruko eztabaida prozesuari ekiteko unea ailegatu da. Zentzu horretan, urtarrilaren 19an hasi eta otsailaren hasiera arte, eskualde guztietan delegatu eta afiliatuekin batzarrak egingo dira ponentzietan proposatzen diren erabaki nagusiak azaldu eta hauen inguruan eztabaidatzeko. Debabarrenean, ponentzien aurkezpena otsailaren 8an (eguaztena) izango da Eibarko Portalean, areto nagusian, 18:30etan.

Bestalde, aurreratu dutenez, otsailetik maiatzera bitartean oinarri sozial, herritar eta eragileekin hainbat solasaldi egingo dira: “Ponentzietako jasotzen diren gai nagusien inguruan LABen ikuspegia jendarteratu eta eztabaida soziala bultzatzea izango da solasaldi hauen helburua. Honela, gai ezberdinen inguruko solasaldiak antolatuko ditugu: burujabetza prozesua eta aldaketa soziala, sindikalgintzaren ekarpena borroka sozialean eta ekintza sindikal integrala, besteak beste”.