Feijóok Echeverríari babesa eman dio Eibarren, protesten artean
Alberto Núñez Feijóo PPko presidentegaia Eibarren izan da gaur, Jon Echeverría Gipuzkoako hautagaiari babesa emateko. Javier de Andrés EAEko PPko presidentearekin eta Echeverríarekin batera egin du agerraldia, Untzaga plazan, liburu azokaren ondoan.
Mitinaren inguruan protesta egin dute hainbat lagunek. «Faxistak», «kanpora» eta «alde hemendik» oihuak entzun dira. PPko ordezkarien aldetik ere oihuak izan dira, «presidente» eta «A la Moncloa» esanez.
Ertzain ugari eta Ertzaintzaren hiruzpalau furgoneta izan dira plazan, eta Eibarko Udaltzaingoak ere parte hartu du segurtasun-dispositiboan. PPko ordezkarien furgoneta Untzaga plazaraino iritsi da. Mitina amaitutakoan, PPko ordezkariek korrika alde egin dute Eibartik. Ez da istilurik izan.
Hitzartzean, Feijóok PSOEren eta EH Bilduren arteko akordioak kritikatu ditu, eta Voxekin egindako itunak defendatu ditu. «Voxengandik Arnaldo Otegirengandik baino gertuago sentituko naiz beti», adierazi du. Halaber, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidentea kritikatu du, Hernaniko gertakaria gaitzetsi ez zuelako eta Echeverríarekin harremanetan jarri ez zelako. Era berean, Echeverríak hauteskunde-kanpainan jarraituko duela eta ez dagoela bakarrik adierazi du PPko buruak.
Hernaniko gertakariaren ondoren egin du PPk Eibarko agerraldia. Azaroaren 14an, Echeverríak salatu zuen petardoak, arrautzak eta harriak jaurti zizkietela berari eta alderdiko beste kide bati, Hernaniko Ezkiaga pasealekuan hauteskunde-kanpainako karpa bat jartzera joan zirenean. Gertakariaren ondoren, PPk Gipuzkoan egitekoak zituen hauteskunde-ekitaldiak bertan behera utziko zituela iragarri zuen, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatu zuen. Imanol Pradales lehendakariak, berriz, gertakaria gaitzetsi zuen.

