Markel Perez (boluntarioa): «Ziur nago nik eman nuena baino gehiago jaso dudala»

Markel Perez (boluntarioa): «Ziur nago nik eman nuena baino gehiago jaso dudala»
2017/01/27 eta kitto!
Markel Perez 23 urteko Eibartarra medikuntzako seigarren mailako ikaslea da. 2015eko udan Perura abiatu zen Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeak emandako proiektu batekin, baina bertan zela bigarren proiektu batean ere sartu zen bete-betean, bere zaletasun nagusia eta kooperazioa uztartuz. Betidanik ibili da Markel futbolaren inguruan eta orain Eibarko B mailako kategorietan jokatzen du. Bidaiatzea ere bere zaletasunen artean dago eta, behin probatuta, betirako “harrapatzen” zaituela dio.

– Zein proiekturekin abiatu zinen Perura?

Eibarko Udaletxeak aurkezten dituen elkartasun beka batera aurkeztu nintzen Egoaiziak emandako proiektu batekin. Peruko Buenos Aires eskualdean 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzako arreta politika publikoak bu- rutzeko proiektua zen, umeen osasuna sustatzeko. Hitzaldiak ematen nituen, zailtasunak zituzten herri txikietan osasun azterketak egin eta batez ere nire babesa eskaintzen nien. Hala ere, arratsaldeak futbol eskola batean ematen nituen Piuran, neska-mutilak entrenatzen. Arreta eman zidan bere izenak: Escuela Deportiva Eibar. Eibartik boluntario talde batek bidalitako kamisetengatik hartu zuten izena. Gune marjinalean kokatutako eskola zen baina berdintasunean oinarritutako baloreak irakasten zituzten futbolaren gainetik.

– Honen inguruan S.D. Eibar Fundazioak eta Egoaiziak hitzarmena sinatu dute...

Izenaren berezitasuna ezin zitekeen hor geratu. Lotura handiago bat egon behar zela pentsatu nuen eta handik bueltatzean Kirol Elkartearekin harremanetan hasi ginen konexio hori ofizial egiteko. Ez da lehenengo saiakera izan baina oraingoan, Piurako eskola aurrera eramaten duten bi pertsonak hona etorri dira, 10 egunez, klubaren funtzionatzeko moduak, metodoak eta bestelakoak ikustera. Niri bereziki ilusio handia egiten dit proiektu honek.

– Zer eragin izango du honek Piura-ko haurrengan?

Hemendik materiala bidatzeak badu garrantzia, baina uste dugu haratago ere joan gaitezkeela eta lehenengo mailara iristea lortu duen talde batek bere balioak eta lan egiteko moduak azaltzeak ere laguntzen duela. Gainera influentzia handia izango da Piurako eskolarentzako, izan ere, inguruan badaude diru gehiago duten eskolak eta beraz, prestigio handiagoa dutenak. Baina lehenengo mailan jokatzen duen talde batekin harremana izateak eskola hau asko babesten du.

– Zuretzat nolako esperientzia izan zen bizitakoa?

Oso aberasgarria. Batzuk uste dute gu irakastera edo laguntzera soilik goazela eta ni pentsamendu horrekin ez nator bat. Ziur nago nik eman nuena baino gehiago jaso dudala. Boluntarioak gauzak partekatzera doaz, beste ikuspuntu batzuk ezagutzera.

markel perez 1