Hamabi udaltzain plaza eskainiko dituzte Debabarrenean

Bost lanpostu Eibarren betetzeko dira, lau Elgoibarren eta hiru Ermuan. Azaroaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dira hautagaitzak, eta deialdiko 41 udaltzain plazatan ez dute euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasunik.
Hamabi udaltzain plaza eskainiko dituzte Debabarrenean
2026/11/18 10:38
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Eudelek Euskal Poliziaren zazpigarren deialdi bateratua zabaldu dute, eta Debabarrenean hamabi udaltzain plaza eskainiko dituzte: bost Eibarren, lau Elgoibarren eta hiru Ermuan. Deialdiak, guztira, 593 lanpostu biltzen ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 430 Ertzaintzarako eta 163 udaltzaingoetarako.

Hautagaitza aurkeztu nahi dutenek azaroaren 26ra arteko epea dute. Besteak beste, batxilergoko titulua edo baliokidea izan beharko dute, eta 18 eta 38 urte artean izan. Izena ematerakoan, hautaketa-prozesua euskaraz ala gaztelaniaz egin nahi duten adierazi beharko dute.

Hautaketa-prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengoan, hautagaiek bost proba gainditu beharko dituzte: bi proba psikotekniko, ezagutza-proba bat, gaitasun fisikoko proba bat eta elkarrizketa pertsonal bat. Bigarren fasean, berriz, hautagaien merezimenduak baloratuko dituzte, hizkuntza-eskakizunak barne. Prozesua gainditzen dutenek bederatzi hilabeteko prestakuntza jasoko dute Arkautiko akademian, eta, ondoren, praktikaldia egingo dute.

Euskararen ezagutzarik gabe betetzeko aukera

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohartarazi du deialdiko 593 lanpostuetatik 127k (%21,41ek) ez dutela euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasunik. Horietatik 86 Ertzaintzakoak dira, eta 41 udaltzaingoetakoak. Horrek esan nahi du euskararen ezagutza egiaztatu gabe duten hautagaiek ere bete ditzaketela lanpostu horiek.

Behatokiak emandako zerrendan hamar udalerri ageri dira euskararen ezagutza derrigorrezkoa ez den udaltzain lanpostuekin: Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bilbo, Getxo, Irun, Muskiz, Portugalete, Sestao eta Gasteiz. Eibar, Elgoibar eta Ermua ez daude zerrenda horretan.

Behatokiaren iritziz, herritarren segurtasunarekin eta ongizatearekin lotutako lanpostuetan euskararen ezagutza bermatu beharko litzateke. Gogorarazi du herritarrek legez dutela Ertzaintzaren eta udaltzaingoen zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea, eta eskubide hori bermatzeko agenteek euskaraz lan egiteko gaitasuna izan behar dutela.