Memoriaren Plaza hartuko du Untzagak hilaren 16tik 22ra

Memoriaren Plaza hartuko du Untzagak hilaren 16tik 22ra
2016/05/12 eta kitto!
Astelehenetik aurrera Untzagak hartuko duen Memoriaren Plaza ekimen ibiltaria aurkeztu zuten martitzenean udaletxean Aintzane Ezenarro Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Miguel de los Toyos alkateak, udaletxeko alderdi politiko guztien izenean. Azaldutakoaren arabera, herritarrek parte hartzeko pentsatutako proiektuaren helburua Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea da, hori guztia memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz.
Alkatearen berbetan, "Eibarko udalak urte asko daramatza memoria historikoa lantzen eta beti egin du ihes gorrototik eta mendekutik, justiziaren eta aitortzaren bidea jorratuz. 'Gerrako umeak' bezalako proiektuak garatu ditugu, ikerketa sakon bat abian jarri ondoren ondutako proiektua, Eibartik atera eta Ingalaterra, Belgika, Frantzia edo Errusiara bidali ziren Eibarko 208 ume haien izenak eta ibilbidea aztertuz, gure herriko kaleetan ume haien argazki erraldoiak jarri eta hain ezaguna ez zen gure herriko historiaren atal hori jendeari ezagutarazteko erakusketa kalean eginda. Eta iaz Arraten Eibarko Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroa zabaldu genuen, gerra sasoian gure herrian gertatu zena herritarrei ezagutarazteko asmoz. Ildo horri jarraitu nahi diogu eta, gure ustez, 'Memoriaren Plazak' aukera ezin egokiagoa eskaintzen digu iraganean egindako hutsegite eta errakuntzak etorkizunean berriro ez egiteko".
Aintzane Ezenarrok elkarlanerangatik eskerrak ematearekin batera, "udalean ordezkatutako alderdi guztiek proiektua babesteak" duen garrantzia azpimarratu zuen. Bere berbetan, "memoria anitza da, modu subjektiboan jasotakoa eta horren eraikuntzan denon partehartzea beharrezkoa da". Horregatik agerraldia eibartar guztiak Untzagako karpak hartuko duen erakusketa zein bestelakoetara joateko gonbitea egiteko aprobetxatu zuen.
Azaldutakoari jarraituta, "Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak lau helburu ditu: memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea; herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea; memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko; eta Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea".

memoriaren plaza 2
Asmo horrekin zabalduko dute datorren astelehenean, 18:00etan erakusketa, Untzagan. Hilaren 22ra arte gurean izango den erakusketa guneak hainbat toki izango ditu:
- Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek euren memoria-lekukotzak grabatzeko aukera izango dute.
- Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
- Proiekzio eta debate eremua: hainbat dokumental proiektatuko dira (Eibarko "gerrako umeena" tartean) eta mahai-inguru batzuk egitea aurreikusi dute.
- Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek mezuak hormairudian idazteko aukera izango dute.
Goizez 16-18 urte bitartekoentzat bereziki prestatutako tailerrak egingo dira eta honezgero 230 bat ikaslek parte hartzeko izena eman dutela aurreratu zuten. Astebarruan 09:00etatik 20:00etara zabalduko dute erakusketa (15:00etatik 16:00etara izan ezik) eta asteburuan, berriz, 10:00etatik aurrera egongo da zabalik.
Erakusketaren harira, bestalde, alkate eta alkate-ohiekin “Eibarko memoria hurbila” mahai-ingurua egingo da martitzenean eta eguenean, berriz, Jesus Gutierrez historiagileak Eibarko memoria historikoari buruzko hitzaldia emango du. Biak 19:00etan hasiko dira.