Mendi Jardunaldiak hasiko dira gaur Coliseoan

Mendi Jardunaldiak hasiko dira gaur Coliseoan
2017/03/01 eta kitto!
Aurten hilabete osoa hartuko duten Eibarko Klub Deportiboko Mendi Batzordeak antolatutako Mendi Jardunaldietako egitarauko lehen ekitaldiek Coliseoan izango dute hitzordua, gaur eta bihar, bietan ere 19:00etan hasiko diren proiekzioekin. Bilboko Mendi Film Festivaleko filme onenak ikusi ahal izango dira, 5 euro ordainduta. Gaurkoan “E.B.C. 5.300 m”, “Boys in the Bugs” eta “Jean Troillet, toujours aventurier” filmak eskainiko dira. Lehen biek 15 eta 18 minutuko iraupena izango dute eta azkena izango da luzeena, 54 minuturekin. Biharkoan “Annapurna III - Unclimbed”, “Dodo’s Delight” eta “Freedom Under Load” proiektatuko dira. Kasu horretan pelikulek 12, 28 eta 58 minutuko iraupena izango dute. Martxoaren 5ean, domekan, izango da hurrengo ekitaldia, egun horretan egingo den neguko trailarekin. Aukera hori eta martxoaren 25ean egingo den eskalada topaketa Deporreko mendi batzordekoek “mendian eskalatzen eta korrika egiten hasi nahi dutenentzat” prezeski prestatutakoak dira. Izena Klub Deportiboan bertan eman daiteke.