Oier Araolaza, antropologoa: “Merkatariek zeresan handia daukate Halloween, Olentzero eta halako jaien inguruan”

Oier Araolaza, antropologoa: “Merkatariek zeresan handia daukate Halloween, Olentzero eta halako jaien inguruan”
2016/11/22 eta kitto!
Bihar (eguaztena, hilak 23), 19:00etan, "Halloween, Olentzero, Karnabalak… noruntz doaz gure neguko festak?" izenburuko hitzaldia emango du Oier Araolazak Portalean, Gazteria sailaren eskutik. Antropologo eta dantzari eibartarra horrelako jaien tradizioaren inguruan informazio ugari biltzen ibili da eta hitzaldiarekin gogoetarako tartea zabaldu nahi duela esan digu.

- Nondik nora jardungo duzu berbetan?
Izenburuan agertzen diren jaien inguruko gogoeta egiten ahaleginduko naiz, horien inguruan pentsatzen geratzeko planteamendu modukoa aurkeztuta. Nik neguko festak deitzen ditudan horiek, hau da, neguan zehar egiten diren jaiak bilakaera bat izaten ari dira eta, horrekin batera, horien inguruko zalantzak, kezkak sortzen doaz. Hitzaldian zer dagoen ikusarazi nahi dut, horrelakoak antolatzeko orduan kontzientzia batetik abiatzeko. Horien inguruan guk badaukagu zer esan, ez da modu batean hor dagoen eta horrela hartu behar dugun zerbait. Horrelakoak azalduko ditut, besteak beste.

- Gazteria sailak antolatu du. Horrelakoen inguruan gazteek nahasmen handiagoa dutela uste duzu?
Ez dut uste horrelako kontuen inguruan gazteek nagusiek baino nahasmen handiagoa dutenik. Beste barik, Gazteria sailak Gabonei eta horrelako ospakizunei buruzko beste saio batzuk ere antolatu ditu, besteak beste jai horietan batez ere gazteek parte hartzen dutelako. Nahasmenaren arazoa, baina, hori baino sakonagoa da. Nik ikusten dudan moduan, adibidez, merkatariek gai honetan zeresan handia daukate. Azken batean, irudi batzuk modu sistematikoan erabiltzen dituzte, horrekin paisaje bat sortzen da, festa jantzi egiten dute eta horrek guztiak gure imajinarioan eragina dauka.

- Horrelakoetatik aldenduta jai horiek ospatzeko ahalegin batzuk ikusi ditugu. Aurten ere ume batzuk baserririk baserri koko-jantzita ibili dira Animen gaua ospatzen…
Merkataritzaren industriak egiten dituen kanpainen kolonialismoaren aurrean ahalegin xumeak dira horiek. Ez dakit posible den komunikabideen babesarekin horrelako kanpainek duten indarrari aurre egitea. Hori baino gehiago, gure "disidentzia" bistaratzeko balio dutela esango nuke. Edozein modutan ere, harrigarria egiten zait ikustea gai batzuekin atzazkalak nola ateratzen ditugun eta beste batzuen aurrean, berriz, ez dugun ezer egiten: Halloweenen kontra joateko arazorik ez dago, adibidez, baina Olentzero ia desagertuta dago eta horren inguruan ez da horrelako kezkarik ikusten.