Terrazen ordenantzaren aldaketei alegazioak aurkezteko epea zabalik dago

Terrazen ordenantzaren aldaketei alegazioak aurkezteko epea zabalik dago
2016/07/07 eta kitto!
Udalbatzak behin-behineko onespena eman dio mahai, aulki eta bestelakoak bide publikoan nola eta noiz erabili arautzen duen udal ordenantzan (terrazen ordenantzan) hainbat aldaketa egiteari. Ekainaren 21ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituzten araudiari egingo dizkioten aldaketak, herritarrek horien berri izateko eta, nahi izanez gero, alegazioak aurkezteko aukera izateko. Horretarako epea uztailaren 29ra arte egongo da zabalik. Jarraian aldaketa nagusiak laburbildu ditugu, baina dokumentua osorik irakurtzeko aukera dago www.eibar.eus udalaren webgunean sartuz gero:

- Hainbat baldintza beteta eta, salbuespen modura, gutxieneko pasabidea 3 metrotik 1'5 metrora jaisteko aukera aurreikusten du testuak toki batzuetan: hektareako 12 etxebizitzako edo hortik beherako dentsitatea duten urbanizazio edo auzoetan.
- Muntatu eta desmuntatzeko aukera ematen duten terrazak zein fijoak, bietarikoak jarri ahal izango dira.
- Kupelak eta mahai eta aulki altuak ipini ahal izango dira, baina ezin izango dute eragotzi tokitik mugitzea eta egunero batzea.
- Inguruan bizi direnei trabarik eginez gero, terraza kentzera derrigortuko dute tabernaria.
- Ordutegia: barixaku, zapatu eta jaiegun-bezperetan 09:00etatik 01:30era (maiatzaren 1etik irailaren 30era); bestela, 00:30ak arte. Eta domekatik eguaztenera, 09:00etatik 00:30etara uda-sasoian eta 23:00ak arte beste hilebeteetan. Herriko jaietan, Aste Santuan, Aratosteetan eta Gabonetan, ordubete luzatuko da ordutegia.
- Tabernako arduradunek gutxienez egunean birritan garbitu beharko dute terrazak betetzen duen tokia eta, taberna itxi eta dena jasotzen dutenean, derrigorrez dena garbi laga beharko dute.
- Mahaietan erretzaileendako hautsontziak ipintzea derrigorrezkoa izango da.