Txalan Txalan-en izena emateko epea zabalik dago

Txalan  Txalan-en  izena  emateko  epea  zabalik  dago
26 Ira
10:52

Aurreko ikasturtean jarri zuen martxan TXALAN TXALAN bikote linguistikoen egitasmoa …eta kitto! Euskara Elkarteak eta aurtengoan indar gehiagorekin egingo du aurrera, sortuko diren bikoteek sarriago elkartzeko aukera izango dute-eta. Helburu nagusiak berberak dira: Eibarko bizilagunon elkar ezagutza sustatzea eta bikoteen arteko hizkuntza trukaketa.

Miren Baranguan egitasmoko koordinatzaile eta dinamizatzailaren esanetan, “aurreko ikasturtean esperientzia pilotu bezala jarri genuen martxan eta 5 asteko iraupena izan zuen. Balorazioa egin genuenean konturatu ginen jende askok eman zuela izena, baina ezinezkoa zela herritar guztien eskaerari erantzutea. Bestetik, bikoteen arteko esperientzia eta balorazioa guztiz positiboa izan zen; hizkuntza desberdinak praktikatzeko aukera, lagun berriak egin, jatorri desberdinetako zein bertako kulturari buruzko gauzak ezagutu… eta elkarren artean modu naturalean ekintza desberdinak egiteko aukera izan zuten”.

Astean behin elkartuko dira bikoteak

Ikasturte honetan Eibarko eta beste jatorri batzuetako bizilagunek astean behin elkarrekin egoteko aukera izango dute. Aurrez aurre, bikoteek erabakitzen duten eran bilduko dira, eurek nahi dutena eginez (kafe baten bueltan, paseoan…).

Bikoteak sortzeko hainbat gauza hartzen dituzte kontuan antolatzaileek: praktikatu nahi den hizkuntza, adina, motibazioak, zaletasunak eta norberaren ordutegiak…. Horren arabera elkarrizketak egiten dira izena ematen dutenekin eta, ondoren, bikoteak osatzen dituzte. Behin bikoteak osatuta, aurkezpentxo bat egiten da, bikote guztiak elkarren artean ezagutu daitezen eta norberak bere bikotea ezagutu dezan. Hortik aurrera, bikotea libreki moldatuko da. “Dena dela beti ere arduradunarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute”.

Izena emateko:

  • Izen-emateak: Irailaren 18tik urriaren 5era arte
  • Elkarrizketak arduradunarekin: Urriaren 13ra arte.
  • Bikoteen arteko aurkezpena: Urriaren 19an, 19:00etan …eta kitto!n.
  • Harremanetarako: Emaila: ongietorri@etakitto.eus / Telefonoa: 943200918 /

Helbidea: Urkizu 11 (solairuartea) Eibar

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »