“60 urte” (Pedro Alberdi)

0    Iritzia 
Ana
“60  urte”  (Pedro  Alberdi)
26 Urr
10:51

1957an jaiotakook aurten hirurogei urte betetzen ditugu, eta adin egokia dirudi atzera begiratu eta gogoetaren bat edo beste egiteko; esate baterako, nola bizi izan dugun hizkuntzaren auzia kontatzeko. Izan ere, oso garai desberdinak ezagutu ditugu. Gure haur eta gazte denboran, adibidez, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa zen kalean.
• Sagrado Corazoneko patioan sartutako gol guztiak erdaraz sartu genituen.
• Harindondinen erositako litxarkeria guztiak erdaraz jan genituen.
• Untzagako futbolinetan igarotako arratsalde guztiak erdaraz igaro genituen.
• Zinean ikusitako film guztiak erdaraz ikusi genituen.
• Udan trenean Debako hondartzara egindako joan-etorri guztiak erdaraz egin genituen.
• Ezkutuan erretako lehenengo zigarro guztiak erdaraz erre genituen.
• San Andreseko parrokian entzundako meza guztiak erdaraz entzun genituen.
• Esna egindako amets guztiak erdaraz egin genituen.
• Txantxazelaiko barraketan gastatutako sos guztiak erdaraz gastatu genituen.
• Maitemindu ginen neskatila guztiez erdaraz maitemindu ginen.
• Arrateko igoeran ikusitako txirrindulari guztiak erdaraz ikusi genituen.
• Sansaburun ohostutako gerezi eta madari guztiak erdaraz ohostu genituen.
• Untzagako plazan bizikletan egindako eroriko guztiak erdaraz egin genituen.
Halako batean, ordea, asaba zaharren hizkuntzarekin egin genuen topo, eta haren tradizioak eta modernotasunak, harritu ez ezik, liluratu egin gintuzten. Harrezkero, euskaldun agertu gara jendeaurrean; harro, gainera. Eta gaur egun, mahaiaren inguruan biltzen garen aldiro, ederki gozatzen gara, lehen erdaraz egindakoak euskaraz gogoratuz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »