Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Farmakoen gidari berriak"

2018/04/15
Gaur egun, gizakiak pairatzen dituen gaixotasun ohikoenen artean minbizia da ardura gehien sortzen duena. Kimioterapiazko tratamenduak garatu zirenetik, orain dela urte batzuk hilgarriak izan zitezkeen hainbat minbizi mota, egun sendatu litezke. Hala ere, tratamendu hauek zelula gaixo zein osasuntsuak erasotzen dituzte, horrela albo-kalte ugari sorraraziz. Beraz, ikertzaileen erronka garrantzitsuenen artean, sendagaia minbizi zelula edo zelula gaixoetara bideratuko duen sistema garatzean dago.

Helburu horri jarraituz, Alemaniako ikerketa talde batek, mugimendu azkarra duten gorputzeko zelula batzuk aukeratu ditu eta tratamendua tumoreetaraino eramateko garraio bezala erabili. Zelula hauek mikra gutxi batzuk neurtzen dituzte eta 3 milimetro minutuko abiadura har dezakete. Norbaiti bururatzen zaio zein zelulari buruz ari naizen? Ba bai, albiste honetako protagonistak espermatozoideak dira. Horrela, alde batetik, espermatozoideen buruetan minbiziaren aurkako farmakoa gehitu dute eta bestetik lepoko antzeko bat jarri diete nano-imanez hornitua. Era honetan tratamendua tumoreraino gidatu dezakete imanen laguntzaz eta farmakoa tumorea osatzen duten zeluletan askatu, zelula osasuntsuak kaltetu gabe. Guzti hau, laborategian frogatu dute, emakumeen umetokiko minbiziaren tumore batzuetan, eta 3 egunetan tumoreen zelulen %87 hiltzera iritsi dira inguruko zelula osasuntsuetan eragin negatiborik sortu gabe.

Ideia berritzaile hau ez da oraindik gizakian zuzenean frogatu, baina ikertzaileek begi honez ikusten dute batez ere umetokiko minbiziari aurre egiteko, baina baita beste gaixotasun ginekologiko batzuk tratatzeko ere, endometriosia edota haurdunaldi ektopikoak besteak beste.

Albistean gehiago sakondu nahi duenak “ACS Nano” aldizkari zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI:10.1021/acsnano.7b06398)