“Kaleen izaera bikoitza” (Iratxe Gimenez)

0    Iritzia 
CDwes76
“Kaleen izaera bikoitza” (Iratxe Gimenez)
2018, Api 15

Batzuetan Eibarko zenbait kalek izaera bikoitza dutela pentsatzen dut. Arratsaldetan, Amañako paseoak adibidez, Jekyll doktorea dirudi. Jendea paseoan dabil lasai lasai, beste batzuk korrika, txakurrak paseatzen daudenak euren artean hitz egiten…eta dena iragarki argitsu batean bezala orekatuta dirudi. Goizetan lehenengo orduko autobusa hartzen dut eta berriz ere bertatik pasatzen naiz. Mr. Hyde agertzen zait orduan. Ez fisikoki, noski, baina bai kaka itxuran. Kalean bost gorotz tontor erraz zenbatzen dira edonon. Eta zorte pixka bat baldin badut, igogailuak ez du txixa usainik izango. Askotan Itziarko bihurguneko neska agertzea bakarrik falta zait eguna “ondo” hasteko. Denok ditugu gure inkoherentzia ekintzak gizartearekiko, une edo ilunerantz jotzen duen pentsamendu aitorrezin hori, baina ze erreza den web orrialde batean kritikatzea eta ondoren, gauean, paper edo zikinkeri hori kalean “ahaztuta” lagatzea. Badakigu Eibar ez dela sekula Tokyo izango (ia zakarrontzirik ez duen hiria eta hala ere garbia dirudiena), nahi ere ez, baina saiatu gaitezen Cesarraren andrea izan zen Pompeyaren gainean sortu zen esaera jarraitzen: zuzenak garen itxura ematen dugu, baina izan gaitezen benetan herriarekiko zuzenak. Badakit kakak jasotzen ez dituzuen txakur jabe guztiak zortea opa diguzuela eibartar guztioi, baina, lasai ibili eta jaso zuen “opariak”, estreinatu dugun udaberri honetan, lau hostoko hirusta dexente agertu baitira Urko aldean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »