“Oroimenaren elkartrukea” (Iraia Muñoa)

0    Iritzia 
Ana
“Oroimenaren elkartrukea” (Iraia Muñoa)
2018, Eka 11

Batzuetan zientziako aurkikuntzek fikziozko puntu bat dutela iruditzen bazaizue, ea zer deritzozuen aste honetan dakarkizuedan albisteari buruz. Dirudienez, itsas bareekin lan egiten duen Los Angeleseko ikerketa taldeak animalia hauen artean oroimenaren transferentzia burutzea lortu du.
Ikerketaren prozedura bezala, itsas bareei deskarga elektriko txikiak aplikatu zizkieten buztanean, hauek beraien defentsa mekanismoa aktibatzeko, hau da, zakatzak uzkurtarazteko. Prozesu hau behin eta berriz errepikatu ondoren, buztanean ziztada txiki bat ematea nahikoa zen bareek deskarga oroitu eta defentsa posizioa agertzeko. Itsas bare hauek entrenatu ondoren, RNA molekulak (informazio genetikoa daramaten mezulariak) erauzi zizkieten beraien nerbio sistema zentraletik eta beste itsas bare batzuetan injektatu zituzten. Eta horrela ikusi zutena harrigarria izan zen benetan, aurretik deskargekin trebatu gabeko bareak gai ziren isatseko ziztaden aurrean defentsa posizioa agertzeko!
Emaitza hauek orain arteko oroimena gordetzeko sistemaren oinarria hankaz gora jarri dute, eta bide berri bat ireki dute RNA molekulek oroimena gorde, mantendu edota ezabatzean izan dezakeen funtzioa aztertzerako orduan.  Beraz, agian ez dago horren urruti medikuarenera joan eta bizitako momentuak betirako gorde edo ezabatzeko eskatzearen ideia… Etorkizuneko pelikula baten argumentua dirudi honek!
Albistean gehiago sakondu nahi duenak, “eNeuro” aldizkari zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI: 10.1523/ENEURO.0038-18.2018).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »