“Teknologiaren marra gorria” (Iker Aranberri)

0    Iritzia 
Ana
“Teknologiaren marra gorria” (Iker Aranberri)
23 Api
10:39

Patata edo tomatea noiz landatu behar den esateko gai ez garen garaiotan, iparrorratzik gabe iparra nekez aurkituko genukeen sasoiotan, tarteka gizateriak historian zehar ikasitako jakinduriarekin eta pilatutako ezaguerekin beteta dagoen motxilara jotzearen garrantziaz ohartzea ezinbestekoa dela uste dut. Egia da teknologiak bizitza asko errazten digula, eta berari esker hainbat prozesu errazago, azkarrago eta erosoago egin ditzakegula. Baina sarri garapenaren marra gorria zeharkatzen dugula iruditzen zait, gure egunerokotasunean tresna osagarri izatetik ezaguera batzuk ordezkatzera pasatzen delako. Marra gorri hori da, nire ustez, teknologia berririk gabe zerbait egiten asmatuko ez genukeen une hori. Eta une horrek, neri behintzat, aldi berean beldurra eta pena ematen dit. Beldurra alde batetik, teknologiarekiko erabateko mendekotasuna saihestu nahi izan arren, gure egunerokotasunak horra bideratzen gaituela somatzen dudalako. Eta pena bestetik, gure arbasoek ehunka eta milaka urtetan zehar ikasten eta barneratzen joandako jakinduria belaunaldi gutxitan galtzeko arriskua ikusten dudalako. Gure arbasoen munduarekin haustura gauzatzen da, mundu horretako paradigma asko galtzen ari direlako. Galtzear da eskuz idazteko gaitasuna, ordenagailuz idazten dugulako. Galtzen ari da naturak bere ekintzekin esaten diguna ulertzeko gaitasuna, internetek galdetzen diogun guztia esaten digulako. Galtzear da bizitza patxadaz hartzeko ahalmena, bizitzako esparru guztietan teknologia berriek ematen diguten bat-batekotasuna bilatzen dugulako.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »