Lierni Ibargutxi
Lierni Ibargutxi

"Zertarako idatzi?"

2016/11/18
Beldur eta zalantzak gainditzeko aholkuz betea dago sarea. Idazteko zailtasunak ditugunerako hamaika irtenbide eskaintzen zaizkigu han eta hemen. Idazle konsagratuen ohiturak eta gomendioak barne. Nor ez da egon idatzi behar duenari buruz bai-ezean, nork ez du izan hautatu duen gaiari buruz nahikoa mamitsua ala interesantea ala orijinala ala x ez izatearen beldurra? Ala, beste barik, nork ez du sentitu berba bi bata bestearen ondoan ipintzeko bat-bateko ezintasuna, “idazlearen blokeoa” eta antzeko izenekin ezagutzen den egoera hori?
Dena esanda dago. Ez da munduan ezer berririk… Sortzearen ezinak jota dagoenari burura etorriko zaizkion pentsamenduak dira. Eta ez dabil txarto, esango diote. Irakurri, bestela, klasikoak. Hor dira gizakiaren kezka eta itxaropen denak, hor dira geure-geureak, original-originalak iruditzen zitzaizkigun burutazioak. Egia da. Ez dugu ezer asmatuko.
Baina gure nartzisismoa zauritu eta sortzeko grina apaldu diezaguketen moduan, gure harrotasunaren kontra eragiteko ere balio diezagukete aurrekoen lanek. Mundua ez dela gure zilborrean hasi eta bukatzen erakusten digute. Baita memoria eskasa dugula ere. Lehenago izan zirela besteak eta gure ostean ere etorriko direla. Hari ikusezin batek lotzen gaitu haiekin eta ondorengoekin. Eta geuk sortzen dugu haria. Gure sormena dela haria bera. Gure hitzen sokak elkartzen gaituela. Soka apurtuta, transmisioa etenda, zer garen ere ez dakigula. Transmisioa eten ez dadin sortzen dugula.