10.000 etxetako despentsak betetzeko eskariak jaso ditu Errigorak

Aurreko astean amaitu zen udaberriko kanpainaren balorazioa egin dute
10.000 etxetako despentsak betetzeko eskariak jaso ditu Errigorak
2024/03/18 13:40
eta kitto!

Aurreko astean, matxoaren 13an, eman zitzaion amaiera Errigoraren udaberriko kapainari. Balorazioa egin dute ekimeneko kideek: "Udaberriroko Nafar hegoaldeko uzta ESKUTIK ESKURA kanpainan eskaerak egiteko epea itxita komunitatearen atxikimendua sendotu dugu eta kontsumitzaile berriz aberastu.10.000 etxetako despentsak betetzeko eskariak jaso ditugu; 127.000 litro olio izan dira eskatutakoak eta 26.000 kontserba-, lekale-, arroz-, pasta- eta ardo-lote dira eskatutakoak".

Diotenez,"azken hilabetetan agerikoa izan da bai elikagaien prezioen eromena eta bai nekazal munduaren itolarria. Merkatu logikak eragiten dituen zailtasun hauen aurrean bestelako merkaturatze eredu bat praktikaratzeko aukera izan da udaberriko kanpaina. EUTSI GEUREARI! lelopean egin genuen hain zuzen deia kanpainan parte hartu eta eskaerak egiteko; zailtasunez jakitun, gure ahaletatik ametsetarako bidea marraztu ez ezik, bidea egiten jarraitu genezan. Bada eutsi diogula esan dezakegu emaitzak ikusita".

 

Errigorak badu KORRIKAren antzekotasunik

Errigorako kideen azaldu dutenez, udaberriko kanpainak badu lekukoa eskuz-esku eramatearen antzekotasunik: "Egunotan Korrika martxan da bidez-bide. Eta udaberriko kanpainak, euskaraz kontsumitzeko aukera suposatzeaz gain edo ekoizle etxeetan euskara planak ezartzeko bultzada ekartzeaz gain, badu lekukoa eskuz-esku eramatearen antzekotasunik! Badu HARROtasunetik eta badu HERRItik! Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko auzolan hau beste behin gauzatzea bera ahalduntze ariketa bat da, ahalak metatzen jarraitzekoa. Eta aurrera begira jarrita zergatik ez amets berriak marraztu? Nekazarientzat lan baldintza duinagoak eskuratzea bezalakoak; edo merkatu logikatik ateratzeko ekoizle eta kontsumitzaileen arteko epe-erdiko akordioak bezalako ametsak edota kontsumo-elkarte eta eragileekin aliantza-sareak osatzea bezalakoak. Eta zergatik ez ekoizpen- eta elaborazio-bitarteko kolektiboak eskuratu? Lurrak erostea, lur komunaletan hitzarmenak lortzea, ontziratze azpiegiturak gureganatzea, olio errota komunitarioak sustatzea… Zergatik ez?".