100 urte betetzeko atarian, Kontxa Laspiurrek "Gure Balioak Saria" jaso du gaur arratsaldean
Gaur arratsaldean banatu dira "Gure Balioak Sariak" Coliseo antzokian. “Bizitza osoko ibilbidea” kategoriako saria jaso du Kontxa Laspiur Zabala (1924) euskara-irakasle ohiak, bizitza pertsonal zein profesionalean euskararen alde egindako lanean ordezkatutako balioengatik. Debegesak eskualdeko Udalekin lankidetzan antolatzen ditu sariak, eta pandemiaren osteko etenaldia atzean utziz, aurten berriz heldu zaio bi urtetik behin sariak antolatzeko ohiturari. Atzoko entregarekin, horrela bada, amaiera eman zitzaion 11. edizioari.
Sarien sorreratik existitu den “Bizitza osoko ibilbidea” kategoria honen helburua pertsona bat bere bizitzan edo ibilbidean zehar eskualdeko gizarte-balioak ordezkatzeagatik saritzea eta aitortzea da, zehazki, Debabarrenean bertakotzat eta bereizgarri jotzen diren gizarte-balioak: integritatea eta errespetua, berrikuntza, solidaritatea eta lankidetza, eta ekintzailetza. Honako edizio honetan, 33 urte luzez AEK-ko irakasle eta bultzatzailea izan den eta egun gutxi barru 100 urte beteko dituen Kontxa Laspiur Zabala saritzea erabaki du epaimahaiak. Laspiurrek, aipatutako Debabarreneko gizarte-balioak ordezkatzeaz gain, gainditze espirituaren, entregaren, solidaritatearen eta erresilientziaren balioak ere ordezkatu ditu Debabarreneko gizartea euskaldun bilakatzeko lanetan, bai bere ibilbide profesional zehar, baita pertsonalean zehar ere. Laspiur bera, bere familia lekuko zela, igo zen oholtzara saria jasotzera. Oso pozik eta hunkituta zegoela adierazi zuen irabazleak eta esker onak eman zituen: “Nik oso gustura egin dut lan euskararen alde. Nahi dudan gauza bakarra euskara salbatzea da. Denon esku dago euskaraz hitz egitea. Gora euskara!”.
Entregatutako sariari dagokionez, Oihane Ortegaren, Atipikka Future Design Studioko artistaren, “Muin-fluxua” izeneko artelana jaso zuen Laspiurrek. Sariaren ekoizpena Laboral Kutxak babestua izan da.
Era berean, “Gazte ekimena” eta “Gizarte ekimena” kategorietako sariak ere banatu dira. Lehenengoari dagokionez, jarduera fisikoa sustatzeko teknologia aktiboa sortzeaz arduratzen den WELLK enpresa izan da irabazlea. WELLK osatzen duten gazte ekintzaileek 2.000€-ko saria jaso dute, hau ere Laboral Kutxak babestua. Eibarren bertan kokatuta dagoen enpresa hau jarduera fisikoa sustatzeko teknologia aktiboa sortzeaz arduratzen da. Aritz Guinea zuzendari eta sortzaileak horrelako sariak jasotzea “beti pozgarria” dela azaldu zuen, eta “oso albiste ona dela, saria jasotzeaz gain, proiektuari ikusgarritasuna ematen diotelako”.
“Gizarte ekimena” kategoriari dagokionez, epaimahaiak Nagusilan irabazi-asmorik gabeko elkartea aukeratu du irabazle, eta beraz, elkarteak eraman du Orbea enpresak babestutako 2.000€-ko saria, aurkeztutako beren proiektuan inbertitzeko. Elkarteak nahi gabeko bakardadearen arazoari aurre egiteko proiektuak lantzen ditu. Epaimahaiak proiektu horien talde-hartzaileen zaurgarritasuna eta elkarteak duen boluntario kopuru handia baloratu zituen saria emateko orduan. Joserra Ecenarro Nagusilaneko presidentearen horrelaxe mintzatu zen oholtzara igo zenean: “ohore handia da saria jasotzea. Egunerokotasunean gure lanean murgilduta gaudenez, mundu guztia nahi gabeko bakardadearen arazoaz jabe dela uste dugu, baina ez da horrela, eta sari hau jasotzeak, gure lana egiten laguntzeaz gain, ikusgarritasuna emateko balio izango du”.
Sari-emate ekitaldian saridunen senitarteko, lagun eta herritar ugari bildu ziren. Ekitaldiaren irekiera Ana Telleriak, Eibarko lehen alkateordeak egin zuen, Eibarko Kaxa Dantza Eskolako ikasleen emanaldi baten ostean. Banaketan zehar dantzarien ikuskizun gehiagoz gozatu ahal izan zuten bertaratutako guztiek.
Gure Balioak Debabarrenean garapen iraunkorra sortzeko beharrezkoak diren balio sozialak indartzea helburu duten sariak dira, jasangarritasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik ez ezik, baita ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik ere. Sariek indartu eta aitortu nahi dituen funtsezko balioak integritatea, errespetua, ekintzailetza eta lankidetza dira.