[ERREPORTAJEA] Lanbide Heziketan ere euskaraz
Aste honetan egin dira Ate Irekien jardunaldiak Armeria Eskolan eta UNI Eibar-Ermua ikastetxeetan. Bata zein bestea Lanbide Heziketako ikastetxeak dira, eta prest daukate datorren ikasturterako eskaintza. Zehazki, maiatzaren 8an hasiko da matrikulazio-epea, eta aukera ezinhobea iruditu zaigu euskarak Lanbide Heziketan daukan lekuaz hitz egiteko. Horretarako, Oskar Gisasola UNI Eibar-Ermuko zuzendaria eta Imanol Urreisti Armeria Eskolako zuzendaria bildu ditugu.
Lanbide Heziketa izenak dioen bezala, lan-munduari zuzenduta dagoen hezkuntza mota da eta, horregatik, askotan eraldatzen joan da lan-mundura egokitzeko. Hego Euskal Herrian, gaur egun, Oinarrizko Lanbide Heziketaz gain, bi ziklo daude: Erdi Mailako heziketa zikloa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoren, eta Goi Mailako heziketa zikloa, Batxilergoaren ondoren. Eibarren izen handiko bi ikastetxetan eskaintzen dituzte Goi eta Erdi mailako zikloak: Armeria Eskolan eta UNI Eibar-Ermuan.
Laster, maiatzaren 8an, hasiko da matrikulazio-epea, eta euskarak Lanbide Heziketan duen osasuna ezagutzeko jo dugu ikastetxeetako zuzendariengana. Eibarren eskaintzen diren zikloetan euskarazko eskaintza egon badago. Hala ere, ziklo batera iristen direnean, gazte askok gaztelaniaz ikastea erabakitzen dute, nahiz eta euskaraz ikasi duten beti. Hori ikusita, ikastetxe bietan apostu handia egiten dihardute Lanbide Heziketa euskalduntzearen alde. "Gizartearen parte gara eta gizarte euskaldun batean bizi nahi dugu; hortaz, guk ere gure ekarpena egin nahi dugu", diote Armeria Eskola eta UNI Eibar-Ermuako ordezkariek.
Azken urteotan euskarak Lanbide Heziketan izan duen eboluzioari buruz galdetu diegu. Imanol Urreisti Armeria Eskolako zuzendariak dioenez, "bost urte atzera egiten badugu euskalduntzearen aldeko joera bat egon da. Armerian eskaintza beti izan da elebiduna. Urte batzuetan euskarazko matrikulazioa igo zen eta kuota bat hartu zuen (heren bat baino gehiago, erdira hurbiltzen zen), baina momentu honetan estankatuta dagoela esan daiteke. Gure kasuan, erdi eta erdi, edo erdia baino pixkat gutxiago dago euskaraz matrikulatuta eta erdia baino gehiago gaztelaniaz, nahiz eta, esan bezala, eskaintza bi hizkuntzetan daukagun".
Antzerako bilakaera izan dute UNIn, baina bidea desberdina izan dela dio Oskar Gisasola ikastetxeko zuzendariak: "Orain dela lau urte gure eskaintzaren %60 edo 70 erdara hutsean zen eta %30 euskaraz, eta hori aldatzen joan da azken urteetan. Orain buelta eman diogu horri, eskaintzaren %70 euskara hutsean daukagu, %10 elebidun eta %20 gaztelaniaz. Eta matrikulazioa datu horietan ibiliko da".
Zer egiten da euskara bultzatzeko?
Ikastetxe bietan euskararen eredua indartzeko apostu handia dago. "Baina ez bakarrik ikastetxe moduan, Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik ere argi dago D eredua indartzeko jarrera dagoela, ikastetxeetan eta baita lantokietan ere, ezin dugulako ahaztu gure ikasleak Prestakuntza Duala egiten dutela, hau da, euren formakuntzaren zati bat enpresetan egiten dutela. Lantokietara joaten direnean formazioa euskaraz eta ingurune euskaldun batean egitea da helburua", dio Urreistik.
Euren esku dauden gauza asko egiten dituzte euskarazko ereduaren aldeko jarrera sustatzeko. Oskar Gisasolak azaldu digun moduan, "ekintza desberdinak egiten hasi ginen orain dela urte batzuk. Esate baterako, aurrematrikula sasoian Eibarko eta Ermuko gazteen artean Lanbide Heziketa euskaraz ikasteak dauzkan abantailak azaltzen dituen kanpaina egiten dugu, bi Udalek lagunduta. Hor azaltzen diegu zein onurak dituen Lanbide Heziketa euskaraz ikasteak".
Eta zeintzuk dira abantailak? Erdi Maila euskaraz egiten dutenek B1 titulua lortzen dute; Goi Maila egiten dutenek, berriz, B2 titulua eskuratzen dute. Bestalde, administrazio publikoan gero eta gehiago baloratzen da euskarazko gaitasuna izatea lanpostu bat lortzeko. Eremu pribatuko enpresetan ere gauza bara gertatzen da: "Laneratzeko orduan, euskara menperatzea eta egunerokotasunean jarduteko gai izatea plus bat da", dio Imanolek.
Horrez gain, enpresetara praktikak edo Duala egitera joaten direnean, enpresarekin eta praktiketako tutorearekin daukaten harremana euskaraz baldin bada curriculumean edo entregatzen zaien ziurtagirian Hezkuntza Sailetik sortu berri duen zigilu berezia jartzen zaie. "Zigilu horrek adierazten du enpresara joan direnean praktiketako epe hori euskaraz aritu direla", dio UNIko zuzendariak.
Erakundeekin elkarlanean
Erakundeekin harremana oso garrantzitsua dela uste dute, "euskararen aldeko mezu hau indartze aldera". Udalekin elkarlanean aritzen dira etengabe. "Adibidez atzerritarren kolektibo bat daukagu, aurreko etapetatik pasatu ez direnak eta euskararekin inongo harremanik izan ez dutenak. Erdarazko talde batean matrikulatzen dira horiek, baina gure asmoa bada gizarteratze horretan laguntzea eta, jakina, euskara gizarteratzeko oso tresna garrantzitsua da. Zentzu horretan, euren formakuntza prozesuan euskara txertatu egin dugu, oinarrizko gauza batzuk ikasi ditzaten", azaldu digute.
Euskarazko materiala
Euskarazko materiala sortuta dagoela eta gero eta gehiago erabiltzen dela dio Oskarrek. "Gure kasuan, orain dela bost urte gaztelaniaz eskaintzen ziren ziklo batzuk orain euskaraz eskaintzen dira, eta, beraz, material berria sortzen joan gara. Hezkuntza Sailetik ere laguntza handia daukagu. Sortu egin behar dira, baina esango nuke modu naturalean egiten ari dela", esan du.
Imanol ados dago Oskarrek esandakoarekin: "Are gehiago, lehen gaztelaniaz zegoena euskaratu egiten genuen, baina gaur egun, hain azkar gertatzen ari diren aldaketa teknologikoekin, zuzenean euskaraz sortzen ari gara material asko, erdibideko pauso hori eman gabe. Eboluzio teknologikoa arin joatea, beraz, motibagarria da euskara lehenengo plano horretara ekartzeko. Dinamika egokia dago eta ez dago inolako arazorik gaur egun hezkuntza prozesua euskaraz egiteko".
Zalantzarik ez dago azken urteetan aldaketa handiak eman direla Lanbide Heziketan, oro har, eta baita euskarari dagozkion aspektuetan ere, eta eboluzio horretan irakaslegoa eta ikastetxeetako barne funtzionamendua ahaztu ezin diren faktoreak dira. "Lehen irakasleek gaztelaniara jotzen zuten, eta hori aldatzen joan da. Lanbide Heziketako irakaslegoaren euskalduntzeak sekulako gorakada izan du azken 10 urteetan, ezagutzari eta jarrerari dagokionean. Gainera ikastetxe barruan dagoen dokumentazio guzti-guztia euskaratuta dago. Azkenean gauza batek bestea dakar", diote.
Haizeak euskararen alde egon arren, oraindik gazte batzuei kostatu egiten zaie euskarazko eredua aukeratzea. Imanolek dioenez, "egitura sendoa dago DBHtik edo Batxilergotik irteterakoan ikasketak euskaraz egiten jarraitzeko. Lehen esan dugun moduan, euskarak balio erantsia dauka, eta, hala ere, batzuk eten moduko bat egiten dute Lanbide Heziketara salto egiten dutenean. Askoz erosoago sentitzen dira erdaraz, euren eguneroko bizimodua ingurune erdaldunean egiten dutelako (familia, lagunak…)".
Imanolek esandakoaren harira, Oskarrek gehitu du ikasleek Lanbide Heziketara salto egiten dutenean eskaintza hori eskualde mailara pasatzen dela: "Ikasle asko euren herritik mugitzen dira. Eskualde desberdineko ikasleak etortzen dira guregana, eta horrek ere asko baldintzatzen du. Herri euskaldun batekoa baldin bazara ez zaizu kostatuko euskaraz egitea, baina herri erdaldunago bateko ikasleak bere burua erosoago sentituko du erdarazko ziklo batean, nahiz eta ikasketak euskaraz egin dituen".
Gauzak horrela, euskarazko eredua gehiago indartzeko zer egin daitekeen galdetu diegu. "Euskara balioan jartzen jarraitu, gure hizkuntzaren aldeko apostua egiten jarraitu eta ibilbidea euskaraz egiteko egitura guztia eta baliabideak hor daudela erakutsi", diote.