Elikagaien xahuketa prebenitzeko proiektu berriak abiaraziko ditu Mankomunitateak eskualdeko hiru erakundetan
Proiektu pilotuak izandako harrera eta emaitza onak ikusita, Mankomunitateak jarraipena emango dio lanketari jantokia duten eskualdeko beste hiru erakundetan: hezkuntza zentro batean, adinekoen egoitza batean eta ospital batean. Prozesua abiaraztean aukeratuko dira erakundeak.
Helburua da eskualdeko jantokietan sortzen diren hondakinen murrizketan oinarritutako praktikak ezartzeko urratsak ematen jarraitzea, etorkizun hurbilean eskualdeko jantoki publiko guztiek, eta ahalik eta pribatu gehienek, elikagaien xahuketa prebenitzeko plan bat izan dezaten, eta kasuan kasu, sortzen diren soberakinak behar dituztenen artean banatzeko sistemak eratzea.
Diagnosia eta prebentzio plana
Eibarko Hezkuntza Esparruan egin den moduan, hiru erakunde hauetan ere diagnosi fase bat egingo da lehenik, eta ondoren elikagaien xahuketaren prebentzio plana garatuko da, bakoitzaren egoerara eta beharretara moldatuta.
Irailean hasiko da diagnosi fasea eta lehenik sukaldeko eta jangelako ohiturak aztertuko dira eguneko hiru otordu nagusietan, asteko 7 egunetan, menu desberdinetan elikagaien xahutzeak izan dezakeen egoera eta ingurumen-baldintzak ezagutzeko. Diagnostiko fasea amaitu ondoren, prebentziorako ekintza plan bat egingo da erakunde bakoitzean, bertako egoerara egokituta.