Indarkeria politikoaren biktimak oroitu dituzte Eibarren, Memoriaren Egunean
Memoriaren Eguna dela eta, Eibarko Udalak bi ekitaldi instituzional egin ditu gaur, azaroak 10, indarkeria eta terrorismoaren biktimak oroitzeko. Ekitaldien bidez, biktimen aitortza eta memoria aldarrikatu dituzte, baita bakearekiko, bizikidetzarekiko eta giza eskubideen defentsarekiko konpromisoa ere.
Lehenengo hitzordua 13:30ean egin dute Untzagan, eta bertan minutu bateko isilunea egin dute biktima guztiak gogoratzeko. Ondoren, 13:35 inguruan, lore-eskaintza egin dute udaletxeko patio nagusian, indarkeria eta terrorismoa jasan zituztenen omenez.
Jon Iraola alkateak memoriaren garrantzia azpimarratu du, eta biktima guztiak gogoratzea, pairatutako sufrimendua aitortzea eta haiekiko errespetua erakustea «betebehar demokratikoa» dela adierazi du. Era berean, denboraren joanak gertatutakoa ezabatzea edo biktimaren baten sufrimendua ahanzturan geratzea saihestu behar dela esan du.
Bizikidetza errespetuan, enpatian eta giza eskubideen defentsan oinarritu behar dela ere nabarmendu du Iraolak. Belaunaldi berriei indarkeriarik gabeko bizikidetzaren balioak transmititzearen garrantzia aipatu du, eta ideia, desberdintasun edo aldarrikapen batek ere ez duela indarkeria erabiltzea justifikatzen adierazi du.

