Etxeko garbiketaren eta zaintza pertsonalaren arloko enplegagarritasuna hobetzeko programa abian

Etxeko garbiketaren eta zaintza pertsonalaren arloko enplegagarritasuna hobetzeko programa abian
2023/12/04 eta kitto!

 Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntzaren arloak prestakuntza-programa bat garatu du, etxeko garbiketan eta zaintza pertsonalean enplegagarritasuna hobetzeko. Helburua da herriko langabeak lan-merkatuan txertatzea, neurrira diseinatutako ibilbide integralen bidez, haien gaitasun soziolaboralak hobetuz eta diagnostiko sozio-profesionalak eta gizarteratzeko ibilbide pertsonalizatuak eginez. Izena emateko epea abenduaren 1etik 15era bitartekoa da, egun biok barne.

Parte-hartzaileak hautatu ondoren, programak hiru fase izango ditu: banakako eta taldeko orientazioa, prestakuntza eta, azkena, ebaluazioa eta jarraipena. Aurrenik, diagnostiko espezializatua egingo da eta parte-hartzaile bakoitza gizarteratzeko plan pertsonala. Ondoren, prestakuntza atala egingo da, guztira 88 irakastordu, hiru arlotan banatuta. Enplegagarritasunaren estrategietarako zortzi ordu emango dira, eta, atal horretan, besteak beste, gaitasun sozio-laboralak, komunikazioa, lan arloko erantzukizuna eta autonomia jorratuko dira. Bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiriari dagozkion gaitasun-giltzarrietako oinarrizko prestakuntzan 40 ordu sartuko dira matematikako eta gaztelaniazko komunikazioa lantzeko. Beste 40 ordu hartuko ditu “Etxeko garbiketa eta zaintza pertsonala” izeneko atalak. Atal horretan parte hartzen duten pertsonak honako arlo hauetan trebatuko dira: etxea garbitzeko eta mantentzeko teknikak, higieneari eta etxeko segurtasunari buruzko arauak, desinfektatzeko teknikak, mendekotasuna duten pertsonen ezaugarriak, laguntza eta laguntza psikosoziala, laguntza emateko eta higiene pertsonalari buruzko oinarrizko ezagutzak, elikagaiak ematea eta lehen laguntzak. Azkenik, programan parte hartzen dutenen ebaluazioa eta jarraipena egingo da.

Enplegu-programa honetan 12 lagunek har dezakete parte. Programan izena emateko, derrigorrezkoa da Eibarren erroldatuta egotea, langabezian egotea eta Lanbiden izena emanda egotea, eta 25 eta 55 urte bitarte izatea izena emateko unean. Gainera, interesdunek gaztelaniaz ahoz eta idatziz ulertzeko maila egokia izan beharko dute, batxilergora arteko prestakuntza eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria ateratzeko sarbide-probak egiteko interesa izan beharko dute. Eta horrez gain, zainketaren arloan eta etxeko laguntzaren arloan lanean jardun nahi izatea.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “etxeko zainketen garrantzia asko dauka, arreta pertsonalizatua emateaz gain, etxeetako osasuna eta ongizatea ere sustatzen dutelako. Azpimarratu nahi dugu etxeko zaintza eta garbiketako profesionalek garrantzi handia dutela lanean eta alde pertsonalean. Horregatik, garrantzitsua da sektore horretan enplegagarritasuna hobetzeko programak ezartzea “.

Izena emateko epea abenduaren 1etik 15era bitartekoa da, egun biok barne. Interesdunek Pegoran bertan edo modu elektronikoan eman dezakete izena, Udalaren web orriaren bidez:  www.eibar.eus. Kasu horretan, beharrezkoa izango da ziurtagiri digitala izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela, etab.). Eskatzailearen NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia, Lanbidek emandako inskripzio-epeen txostena, lan-bizitza eta curriculum vitae eguneratuak aurkeztu beharko dira.

Programan parte hartuko duten 12 pertsonak abenduan hautatuko dira, izena emateko epea bukatu ondoren. Urtarrilean hasiko da programa, eta 4 hilabete inguruko iraupena izango du.