Palindromo tailerra egingo dute Ermuko Lobiano kulturgunean hilaren 13an
Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua aurkeztu du Durangoko Azokan. Markos Gimeno autore erotua da, eta horra hor liburu honetan agertzen den lehen palindromoetako bat, hau da, aurretik atzera eta atzetik aurrera berdin-berdin irakurtzen den hitz, zenbaki edo perpausa. Kasualitateak sortutakoak direla eman dezakeen arren, hitz joko horien atzean irudimen eta sormen esparru zabala dago, eta mundu horretan bere saltsan ibiltzen zen Ermuko gaztea.
Joseba Sarrionandia idazleak duela bi urte ezagutu zuen Markos Gimeno ermuarraren lana eta, liluratuta, haren "jenialtasuna" munduan zabaltzeko erabakia hartu zuen: "...harrigarria iruditu zitzaidan Markosek sortutako obraren grazia. Are ikaragarriagoa iruditu zitzaidan momentuan ia ezezaguna izatea, euskal mundutxoan ere, Ermutik edo Eibar aldetik kanpora", azaldu du Sarrionandiak liburuaren hitzaurrean.
Sortzailearen inguruan beti izan den senide eta lagun sare horretara hurbildu zen idazle iurretarra, eta lana biltzeari ekin zion, baina ez Markosen lan guztiak liburukote baten bildu eta argitaratzeko, baizik eta bere obra "katalepsiatik atera, eta haren lanaren parte bat behintzat, palindromoena, euskal hiztunen artean (...) ezagutarazteko; iratzarri, bizkortu eta zabal dadin".
Horrela sortu zen Markos Gimenoren 101 letrakartel, Markosen palindromoekin hainbat marrazkilarik, grafiterok eta argazkilarik egindako ehunetik gora kartel biltzen dituena. Kolaboratzaile hauen artean daude, besteak beste, Esther Astarloa, Jose Antonio Azpilikueta, Sonia Garcia, Gorka González, Exprai, Santos Vega, Monti, Klemen Corredera edota Tono Fernandez. Guztira, ia 40 lagunek parte hartu dute, lanari askotariko ikuspuntu eta ukituak erantsiz. Material guzti hau batu eta forma eman, edizio grafikoa alegia, Esteban Montorio diseinatzailearen esku utzi da.
Markosen inguruan
Markos ezagutzen ez zutenek haren bizitzaren gorabehera guztiak, edo gehienak, topatuko dituzte liburuaren lehen berrogeita hamar orrietan, ingurukoen ahotsek kontatuta. Hona hemen liburuaren erreseinan topatu daitekeen aurkezpen laburra: "Markos Gimeno Vesga 1974ko maiatzaren 3an jaio zen Ermuan. (...) Bere bizitza sorkuntzara bideratu zuen, nahiz eta bipolaritate gaixotasuna eta depresioaldiak jasan. Bere buruaz beste egin zuen, azkenean, Eibarren 44 urte zituela, 2018ko abenduaren 7an. Markos bizi osoa (...) sortzen ibili zen euskal komunitatearentzat (eta humanitate osoarentzat, jakina). Haren kartel palindromiko bakoitzak sorpresa linguistiko bat aportatzen du, eta jolas liluragarri bat izango da edozeinen gogo ernearentzat".
Liburua Ermuko eta Eibarko liburu-dendetan salgai jarriko da, hala nola Interneten ere.