Euskara praktikatu nahi duzu? Berbetan da zure aukera

...eta kitto! Euskara Elkarteak euskarazko mintzapraktika-taldeak eskaintzen ditu astean behin
Euskara praktikatu nahi duzu? Berbetan da zure aukera
2025/11/03 13:45
eta kitto!

Badira 23 urte ...eta kitto! Euskara Elkarteak Berbetan programa martxan jarri zuela eta euskara praktikatzeko sortu zuen programa xume hura egitasmo sendo eta eraginkor bihurtu da. 80 lagun inguru elkartzen dira gaur egun astero euskarazko mintzapraktikako taldeetan. Aukera ezin hobea da euskara praktikatu nahi baina norekin ez dutenentzat, "askok ez dute inguru euskaldunik eta ez dute euskara norekin praktikatu. Premia horretatik abiatuta jaio zen egitasmo hau”, diote …eta kitto!-tik. Ahozko euskara hobetu nahi dutenentzat aukera bikaina eskaintzen die programak, “giro natural eta informalak lagunduta, euskaraz lasai berba egin baitezakete, lotsa eta konplejo barik”.

Taldeak astean behin elkartzen dira ordubetez, 4-5 pertsonako taldeetan, euskaraz berba egin dezaten. “Taldeek eurek erabakitzen dute non, noiz eta zertarako elkartu, euskaraz gustura eta eroso jarduteko espazioetan: taberna edo terraza batean, pintxo-potean, paseoan…”. Izena urte osoan eman daiteke eta doakoa da. Informazio gehiagorako: 943200918 / elkartea@etakitto.eus / www.etakitto.eus.