Kalean da urteko azken Txikitto
Urkizuko eskolan izan gara abenduko aleko inkesta egiten. Euskal Herriko mitologia aztertu dute eta gauza asko ikasi dituzte, lehen ez zekiten gauza asko: Mari, Tartalo, Basajaun… Mundu liluragarria deskubritu dute eta gurekin partekatu nahi izan dute. Eurekin bideoa grabatu dugu:
AITXITA-AMAMEKIN BERBETAN atalean Amañako eskolan elkartu ditugu Miriam eta Santi amama-ilobak. Eurekin batera egon da Juan Fernando, Kolonbiatik oporretan etorri berri den Santiren anaia. Orain dela bost urte etorri zen Miriam Eibarrera, erretiroa hartuta. Irakasle izan da urte askoan Kolonbian. Solasaldi polita izan dute eta hemen duzue emaitza.
Gabonak ekintzaz beterik datoz, gauza mordoa egin ahal izango ditugu Eibarren bertan. Horregatik, hurrengo egunetarako programazioa orrialde batean jarri dugu, edozein momentutan eskura izan dezazuen.
Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak, ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.
Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai.
Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa, partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago.