18 mendizale izan ziren Erronkari eta Antso haranetara egindako irteeran
Zazpi orduko ibilaldia egin zuten zapatuan, Lintza aterpetxetik irten eta, Hiru Erregeen Mahaira heldu ondoren, Belaguako aterpe berriztatuan amaitzeko. Domekan, bestalde, lau orduko ibilaldi polita osatu zuten, eguraldiak asko ez bazien lagundu ere.
Hona hemen euren errelatoa:
Iragan asteburuan Klub Deportiboko 18 lagun Erronkari eta Antso haranetarantz abiatu ginen. Altsasu aldean hartu gintuen euri-jasak ez zuen iragarpen oso ona ematen...
Horregatik iganderako geneukana egun bat aurreratzea erabaki genuen. Honetan Lintza aterpetxetik abiatu ginen Hiru Erregeen Mahairantz. Ez zen eguraldi oso txarra, artean euri langarra baino ez. Baina gora egin ahala, haizea eta euria gogotik ari zuela ikusita, mendatean Belagua aldera jotzea erabaki genuen. Zutoin indikatzaileak 1,9 km. markatzen zuen gailurrera. Gauzak horrela, lauan aurrenik, beherantz gero, belardi eta pinudi gorriak lagun, une batez, aterrartea probestuz, Lapazarra tontorrera igotzea erabaki genuen. Bertatik 1.785 metrotan, Ukerdi, Arlas, Anie eta Mahaia ikusi-irudikatu egiten ziren. Beherantz segi eta pagadi zabalean murgildu ginen, non pago sendoak, altsumak eta tantaiak nahasten diren. Handik irten eta, belardian apur bat gora eginez, Belaguako aterpe berriztatura heldu ginen, zazpi orduko ibilaldia burutuz.
Igandea ez zen asko hobea atera, aterpetxetik ozta-ozta ikusten baitzen 50 metrora. Halako batean, 09:00ak aldera apur bat jaso zuela eta, San Martingo Harrira doan errepidea gurutzatu eta, gainez gain, Kartxila aldera abiatu ginen. Belagua eta Mintxate haranak bereizten dira bertan. Laster euria gogotik ekin zion. Errekastoak hazita zetozen. Lau kilometro eta erdira, Mendateak Arrakorako jaistaldia eta Larrondo gainerako geziak erakusten zituen. Larrondora ordu erdian igo ginen (1.701 m.). Buzoia bertan eta ikuspegi bikainaz apur bat gozatu genuen: Otsogarrigaina, Baratzea, Kartxela alde batetik, Txamantxoia, eta atzeko erraldoiak urrunago, bai eta Alano mendizerra, Bisaurin aldea ere... irudikatu eta ziztu bizian Arrakoko Bentara jaisten zen bidezidorra aurrenik, eta bide zabalagoa gero, zuzen-zuzen Belaguako errepidera atera ginen Arrako eraikinak ezkerraldean utziz eta zakurtzarren ondo-ondotik pasatuz. Azkar aldatu behar izan genuen autobusean eta ospa egin: artzaina zain genuen bere artaldea bertatik igaro eta errepidean zehar ez dakit zenbat metro egiteko: eta gu oztopo! Lau orduko ibilaldi polita eguraldiak lagundu ez arren.