2024ko Global Training beketan izena emateko epea irekita dago
Jada zabalik dago Global Training 2024 bekak eskatzeko epea. Beste urte batez, Basque Trade & Investment-ek (Euskal Nazioartekotze Agentzia), ASPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena abian da atzerrian lan-esperientzia bizi nahi duten gazte guztientzat. Bekak aukera ematen du praktika profesionalak atzerriko enpresa edo erakunde batean egiteko, hilean 1.635 euroren truke.
Izena emateko baldintza hauek bete behar dira: 30 urte baino gutxiago izatea eta unibertsitateko titulua eta ingeleseko B2 maila izatea. Asko dira lanaldia gauzatzeko helmuga-herrialdeak, hala nola, Costa Rica, Belgika, Portugal, Mexiko, Argentina, Suitza, Guatemala, India, Frantzia, Txile, Italia, Arabiar Emirerriak, eta abar. Profil akademikoei dagokienez, eskaintzak adar guztietarako daude: komunikazioa, zientzia politikoak, DEA, psikologia, gizarte-zientziak, nazioarteko harremanak, arkitektura, ingeniaritzak, irakasletza, zuzenbidea eta biologia dira adibide batzuk. Izena emateko epea uztailaren 19an amaituko da. Interesa duten pertsonek honako esteka hau bisita dezakete eskaintza guztiak eta beren helmuga-herrialdeak ezagutzeko, baita izena emateko ere: Global Training Bekak 2024, Nazioartekotzeko mugikortasun programa (garapen.net).