2026eko Argazki Rallya Eibarren: zuri-beltza eta kolore digitala protagonista

2026eko Argazki Rallya Eibarren: zuri-beltza eta kolore digitala protagonista
Iazko Argazkilaritza Maiatzean-eko rallyaren saridunak
2026/05/27 11:32
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarren maiatza argazkilaritzaren hilabetea da. Urtero bezala, Eibarko Klub Deportiboak “Argazkilaritza Maiatzean” egitasmoa antolatu du hilabete osoan zehar, eta programari amaiera emateko Argazki Rallya egingo da.

Aurtengo edizioan Argazki Rallya datorren domekan, maiatzaren 31n, izango da. Antolatzaileek jada argitaratu dituzte parte hartzeko oinarriak, eta Eibarko kaleak berriro ere argazkilari zalez beteko dira egun horretan.

Lehiaketa Eibarko Klub Deportiboan hasiko eta amaituko da, Toribio Etxeberria kaleko 16-1. solairuan. Parte-hartzaileek goizeko 8:30etik 9:30era izango dute izena emateko eta materiala jasotzeko aukera, eta jardunaldia 14:00etan amaituko da. Parte-hartzeko kuota 10 eurokoa izango da; 14 urtetik beherakoentzat, berriz, doakoa. Ekitaldia HERRI HERRI liga ligarako puntuagarria izango da, eta Eibarko kaleetan zehar garatuko da, antolakuntzak proposatutako gaien arabera argazkiak aterata. 

Bi kategoria nagusi

Aurtengo edizioan bi parte-hartze modalitate izango dira:

Alde batetik, zuri-beltzeko argazkilaritza paperean, non parte-hartzaileek gehienez 36 irudi erabiliko dituzten RAW formatuan. Kasu honetan, lanak formatu librean egin daitezke, baina emaitza 4 argazkiko serie tematiko bat izango da, 40x50 cm-ko euskarrian aurkeztua.

Bestetik, kolorezko argazki digitala (JPG formatua) izango da. Parte-hartzaileek gehienez 36 irudi erabiliko dituzte memoria-txartelean, eta 5 gaien artean argazki bana aukeratu beharko dute.

Baldintzak eta kontrolak

Parte-hartzaile guztiek Eibarren egindako argazkiak aurkeztu beharko dituzte. Gainera, bi kontrol-argazki egin beharko dira derrigorrez: bat izena ematean eta bestea hamaiketakoan.

Kolore digitaleko kategorian, lanak 2026ko ekainaren 7ra arte bidali ahal izango dira (argazkilaritza@deporeibar.com helbidera). Zuri-beltzeko lanak, berriz, 2026ko ekainaren 16a baino lehen entregatu beharko dira.

Antolatzaileek argi utzi dute ez direla onartuko irudi manipulatuak, ezta adimen artifizial bidez sortutako argazkiak ere.

Sariak eta epaimahaia

Sariak bi kategorietan banatuko dira, eta lehen hiru sailkatuek diru-saria eta PhotoPills lizentzia jasoko dituzte. Horrez gain, sari soziala eta gazte saria (14 urtetik beherakoentzat) ere emango dira.

Epaimahaiak teknika, sormena eta naturaltasuna hartuko ditu kontuan, eta erabakia publiko egingo da. Saritutako lanak antolatzaileen esku geratuko dira, eta erakusketan edo erabilera publikoan erabili ahal izango dira, betiere egilearen izena aipatuz.