Deba Bailarako ehunka lagun atera dira kalera Eibarren, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko

Debabarreneko eta Debagoieneko herritarrak batu dira eguerdian Untzaga plazan, etxebizitza duina eskatzeko eta espekulazioaren aurka egiteko deitutako greba orokorrean. Gazteen parte-hartzea nabarmena izan da mobilizazioan.
Deba Bailarako ehunka lagun atera dira kalera Eibarren, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko
2026/11/11 15:15
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Jendetza bildu da gaur eguerdian Eibarren, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorraren harira egindako mobilizazioan. Debabarreneko eta Debagoieneko herritarrak batu dira Untzaga plazan, eta gazteen parte-hartzea nabarmena izan da.

Goizean goizetik egin dituzte piketeak eta aldarrikapenak Debabarreneko eta Debagoieneko herrietan. Ondoren, bi eskualdeetako herritarrak Eibarrera joan dira, bertan egin baitute manifestazio nagusia. 11:30ean abiatu dira bi zutabeak: Debagoieneko herritarrak Urkizu plazatik eta Debabarrenekoak Eibar Unitik. Biak Untzaga plazan elkartu dira, eta handik abiatu da eguerdiko manifestazioa.

Etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioari aurre egiteko aldarriak egin dituzte manifestariek. Besteak beste, «Hemen lan egin, hemen erabaki», «Etxebizitza duina», «Etxeak bizitzeko, ez espekulatzeko», «Espekulatzaileak espropiatu!», «Etxegabetzeak gelditu!» eta «Etxebizitzaren negozioari ez!» oihuak entzun dira kaleetan.

Manifestazioaren ostean, sindikatuetako ordezkariek grebaren balorazioa egin dute. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak adierazi du milaka pertsona atera direla kalera, «etxebizitza bermatutako eskubide bat izan behar duela» aldarrikatzeko. Greba langile klasearen interesen aldeko tresna izatea nahi izan dutela azaldu du, eta hiru neurri proposatu ditu: espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitzaren plangintza langile klasearen beharren arabera egitea. Mobilizazioaren parte-hartzea txalotu du, baina aldaketak lortzeko langile klase antolatua eta indar militante sendoa behar direla azpimarratu du. Grebaren prestakuntzan milaka pertsona batzar eta komiteetan antolatu dituztela ere azaldu du.

ELAk, berriz, politika instituzionalaren porrota salatu du. Haren arabera, gobernuek, aldundiek eta udalek ez dute espekulazioarekin amaitzeko neurririk hartu, ezta alokairu babestuko etxebizitza parkea handitzeko behar adina inbertsio egin ere. Pradalesen gobernuaren aurrekontuaren %2,8 baino ez dela etxebizitzara bideratzen esan du sindikatuak. ELAren ustez, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko ezinbestekoa da bankuen, eraikuntza enpresen eta errentadunen interes ekonomikoei aurre egitea. Horretarako, espekulatzaileak desjabetzea, jarduera espekulatiboa debekatzea eta etxebizitzen zein baliabideen antolaketa langile klasearen mesedetan jartzea proposatu du.

LABek, bere aldetik, greba orokorraren indarra eta langileen antolakuntzaren garrantzia nabarmendu ditu. Euskal langileriak «indar, kontzientzia eta elkartasun erakustaldia» egin duela adierazi du, eta 2020tik Hego Euskal Herrian egindako bosgarren greba orokorra izan dela gogoratu du. Sindikatuaren arabera, grebaz greba langileen arazoak eta beharrak agenda politikoaren erdigunera eramatea lortu dute.

LABek etxebizitzaren auzia «lapurreta bikoitzaren» barruan kokatu du: batetik, patronalak langileen lanaren bidez sortutako plusbalioa bereganatzen duela salatu du; bestetik, kapitalak etxebizitzaren bidez ere etekina ateratzen duela, alokairuen eta hipoteken bitartez. Horri aurre egiteko, espekulazioa amaitzea, prezioak mugatzea, maizterrak babestea, etxegabetzeak debekatzea eta etxebizitza publikoaren parkea handitzea eskatu du.

Hiru eragileek, bakoitzak bere ikuspegitik, grebaren ostean ere antolakuntzarekin eta mobilizazioarekin jarraitzeko beharra nabarmendu dute.