217 pertsonak baino gehiagok eman dute izena TEK Eibar energia komunitatean
Eibarko biztanleek eta denda txiki zein ertainek tokiko energia kontsumitzea ahalbidetuko duen Eibar TEK energia-komunitaterako izen-emateak oso harrera ona izan du, Jon Iraola alkateak, Alberto Albistegi Obra eta Ingurumen zinegotziak, Ana Aranberri Eibar Merkataritza Gune Irekiko ordezkariak eta Edinorreko Josu Etxebarriak gaur goizean eman duten prentsaurrekoan esan dutenez. Komunitateko bazkide izateko izen-emate kanpaina amaitutzat eman dute, eta orain arte Eibarren 217 pertsonak baino gehiagok izena eman dutela esan dute: “TEK Eibarko energia-komunitateak harrera bikaina izan du udalerriko biztanleen artean, %69tik gorako okupazio-tasarekin. Proiektu honetan parte hartzeak etorkizun jasangarriago baterako gero eta interes eta konpromiso handiagoa islatzen du, eta azpimarratzen du gizabanako bakoitzak berebiziko garrantzia duela energia-praktika arduratsuak sustatzeko”.
Kanpainaren azken fasea amaitu ondoren, ekainean bertan hasiko dira bazkideekin harremanetan, “komunitateak erosiko duen energiaren prezioak partekatzeko, merkatuko tarifarik onenen artean aukeratu eta fakturetan aurreztea lortzeko”. Irailean, ekimen honekin bat egin duten auzotar eta denda txiki guztiak merkatuko tarifarik onenez eta udal eraikinetan jarritako panelek sortutako eguzki-energiaz gozatuko dutela aurreikusten dute, “eta irailean batzar orokorrerako deia egingo zaie bazkideei, TEK Eibar proiektuaren garapenari buruzko informazioa partekatzeko”.
Proiektu berritzaileak eraikin publikoen 1.093 m²-ko azalera erabilgarria hartzen du eta 364 eguzki-panel ditu, 163 kW-ko edukiera dutenak. Tokiko energia-komunitatearen helburua 246 erabiltzaile ingururi eguzki-energia ematea da, etxebizitzetan edo dendetan obrak egin beharrik gabe. Portalea, Amaña Eskola eta Arrateko Andra Mari eraikinetako instalazioak ia amaituta daude, eta irailerako martxan egotea espero dute.
Energia-komunitateari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.tekeibar.eus webgunea bisitatu daiteke, edo 900 859 695 telefono-zenbakira deitu, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara.