Biharko grebak eta lanuzteek aldaketak eragingo dituzte garraio publikoan
Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioak egingo dira bihar, urriak 15. Alde batetik, LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, hiru orduko lanuzteak egingo dira (ELA sindikatuak bere aldetik egin du deialdia). Eta bestetik, hezkuntzan greba eguna deitu dute LAB eta Steilas sindikatuek.
Mobilizazioek eragina izango dute garraio publikoan, baina Euskotrenek eta Lurraldebusek gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituztela ohartarazi dute.
Euskotren
Euskotreni dagokionez, lanuzteek trenbideari (Bizkaia eta Gipuzkoa), metroari (Bilboko 3. linea), tranbiari (Bilbo eta Gasteiz), funikularrari (Larreineta eta Trapagaran) eta autobusei (Euskotrenek Bizkaibus eta Lurraldebusentzat emandako zerbitzuak, eta Zamudioko Parke Teknologikorako, Usansoloko Ospitalerako eta Larreineta-Zugaztietako tren/funikularraren zerbitzu osagarriak) eragingo diete.
Informazio gehiago behar izanez gero, erabiltzaileek 944 33 33 33 telefono zenbakira deitu edota www.euskotren.eus webgunera jo dezakete.
Lurraldebus
Lurraldebusek ere gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditu bihar eta esteka honetan kontsulta daitezke ezarri duten ordutegia, eskualdez eskualde. Debabarrenekoa, adibidez, hemen aurkituko duzue.