2.200 litro sagardo banatuko dira zapatuan Untzagan
Bihar (zapatua, urriak 5) #SagardoEguna ospatuko da Untzagan eguerditik aurrera. 1993an ekin zion …eta kitto! Euskara Elkarteak jai hau antolatzeari, baina orain dela lau urte geldiunea egin eta gero, guztiz aldatu zen egun handi hori. Egun osoko ekitaldia egitea erabaki eta gero, orain dela bi urte Gorenak Sagardoak markako lagunekin elkarlana hasi zuen elkarteak eta, horrekin batera, urtero berritasunak sartzen ahalegintzen dira antolatzaileak.
Sei euroren truke
Mota biko tiket edo baleak izango dira salgai eguerdiko 12.00etatik aurrera, udaletxe pareko salmenta puntuan. Tiket nagusiak sei euro balioko du eta urteroko moduan horren trukean edalontzia, zapia, pintxoa eta txotx-a izango dira. Pintxoetan aukera bi izango dira, txorizoa eta gazta; pintxo horren balea izango da bigarren aukerakoa. 1,50 euroko prezioarekin beste pintxo bat jateko aukera izango duzue. Udaletxe parean izango dituzue bale salmenta eta edalontzien banaketa. Irrintziarekin batera, hasiko dugu bale salmenta eta dastaketa, 12.00etan.
12.30etatik aurrera jokoak eta mozorroak
Iaz be izan zen Eibarko gaztetxoenendako jokorik, baina aurten jokoak eta mozorroak izango dira. Urtero ipintzen den erakusketaren alboan, sagar mozorroak eta jokoak izango dira. Begiraleek mozorroak egiten lagunduko diete gaztetxoenei eta jarraian joko interesgarria izango dugu: altxorraren bila. Untzaga plazan ezkutatuko ditugu sagar berezi batzuk eta horiek topatu beharko dituzte. Zein izango da azkeneko pistaren emaitza? Animatu gaztetxoenak eta 12.30etan gerturatu erakusketara, Ihintza, Maier eta Lorea zain izango dituzue-eta.
Gabonetako otarra nahi?
Gezurra badirudi ere, Gabonetan pentsatzen hasi da ...eta kitto! Euskara Elkartea. Aurten 2.000 euroko balioa duen ikaragarrizko otarra zozketatuko dugu. Abenduaren 18an izango da zozketa, baina parte hartzeko euro bateko boletoa erosi beharko da. Elkartearendako proiektu berria da, ez baitugu loteriarik salduko aurten eta otar berezia zozketatzea pentsatu dugu. Sagardo Eguna aproposa dela pensatzen du elkarteak, 2013ko berritasun hori martxan jartzeko.
Erabili #SagardoEguna
Hirugarren urtez Facebook eta Twitter bitartez eguneko kontakizuna egitea nahi du ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Iaz ere eskatu genizuen laguntasuna eta izan genuen, benetan, baina aurten berriro ere zuengana jotzen dugu: zuen laguntza behar dugu Sagardo Egunean gertatzen dena sarean ezagutarazteko.
Gaur egun hain garrantzitsuak diren sare sozialetan txokoa eman nahi dio ...eta kitto!k euskarari eta sagardo egunari, baina guk bakarrik ezin dugu eta #SagardoEguna hitz gakoa erabilita, zuen parte-hartzea espero dugu.
Goiz eta arratsaldeko eguna bilakatu zenetik, Sagardo Egunak esatari bat izan du, jaialdia girotzeko: noizbehinka txotx-a eskatzeko edo bertaratuak xaxatzeko. Baina Untzaga plazan izango den giroa sare sozialetan adierazteko #SagardoEguna erabili eta gero, esatariak ere egingo die errepasoa Facebook eta Twitter-en esaten direnei.
Gertatzen den guztiaren berri emango du Facebook-eko ...eta kitto!ren orrialdeak eta Twitter-eko @etakitto perfilak, baina horrez gain, zuetako edo edozeinek izango du kontakizuna egiteko aukera eta saria izateko aukera. Saria? Zer nolako saria izango da, ba? galdetuko dio batek baino gehiagok bere buruari. Iaz egin genuen moduan, aurten ere zozketa egingo dugu eguneko parte-hartzaile guztien artean, euskaraz Sagardo Eguna zer nolakoa izan den kontatzen laguntzen digutenen artean. Zozketaren irabazleak Gorenak-eko sagardotegietako botila bana jasoko du. Zozketa urriaren 9an egingo dugu, hau da, datorren eguaztenean. Izan ere, urtero egiten dugun moduan, datorren asteko alean ere errepasoa egingo zaio zapatu honetan Untzagan gertatutako guztiari eta tartean zozketa honen berri ere emango da. Lagundu zapatuan eta zorte on zozketan.
Argazkiak Facebook-eko orrian
etakitto.com eta Facebookeko elkartearen orrialdean sartzen ditugu gure herriko albiste eta argazkiak. Elkartearen egun handia bilakatu da Eibarren Sagardo Eguna, eta jakina, horrek ere izango du islada webgunean eta Facebooken. Hori dela eta, #SagardoEguneko argazkiak Facebooken izango dira zapatuan bertan. Goizean egindako argazkiak arratsalderako izango dituzue zintzilikatuta eta arratsaldekoak domekan bertan izango dira ikusgai.
Jendez gainezka egiten du Untzagako plazak urriaren lehenengo zapatuan. #SagardoEguna urteko zita garrantzitsua bihurtu da herrian; horrela adierazi digute hainbat tabernarik eta egoten den giroa azpimarratu dute. Gorenak markako hamahiru sagardoak probatzeko aukera izango duzue, argazkiak egiteko aukera, eta zergatik ez, gurekin batera elkarbanatu. Guztion artean adierazi dezagun zein egun ona izaten den #SagardoEguna.