24. Korrikarako arropak salduko dituzte domekan

AEK euskaltegiak Untzagan ipiniko du mahaia, 12:00etatik 14:00etara.
24. Korrikarako arropak salduko dituzte domekan
2025/12/19 11:31
Silbia Hernandez Arrazola

24. Korrika 2026ko martxoaren 19tik 26ra izango da, Atharratzetik Bilbora, eta Eibarko AEK euskaltegikoek Korrikako arropa eta petoak saltzeko mahaia ipiniko dute domekan (abenduak 21), 12:00etatik 14:00etara Untzagan (arkupeetan). Azaldu dutenez, “kolore desberdinetako kamisetak (mahuka motzak nahiz luzeak), kirol-jertseak, lepokoak, galtzerdiak, biserak... eta Korri- kako petoak ere jada izango ditugu eskuragarri. Horrez gain, Korrika laguntzaile pina egiteko aukera ere egongo da. Horren bidez, korrikari laguntzeaz gain, asteroko zozketetan parte hartzeko aukera izango da”. Dena dela, arropak eta petoak AEK euskaltegian (Sostoa-tarren, 1 edota 943201379 telefonoan) eskuratzeko aukera ere badago, eta materiala ere bertan dago ikusgai. 
Korrikaren edizio honetarako mezua Euskara gara da, eta aurreko astean eman zuten ezagutzera 24. Korrikako kantua: Xiberutikan Mendebaldera. Zetak, Maixux Zugarramurdik eta Erramun Martikorenak jarri diote ahotsa, eta kantuaren bideoklipa ere ikusgai dago www.korrika.eus webgunean, Korrikari buruzko informazio guztiarekin batera.