4.947 zenbakiari egokitu zaio ...eta kitto! Euskara Elkarteak zozketatu duen luxuzko asteburua
Elgoibarko Patxangoi elektrotxarangak ederki girotu du ...eta kitto! jai eguneko arratsalde-iluntzea, eta euria hasi denean jaia Untzaga plazatik udaletxeko arkupeetara joan da, babes bila. Hala ere, tarteka arkupeetatik irtetzen ibili da jendea, banatzeko geratzen zen sagardoa dastatu eta pintxoren bat jateko.
Jaia agurtu aurretik, …eta kitto! Euskara Elkarteak saldutako rifen zozketa egin da, eta saria 4.947 zenbakiari egokitu zaio. Irabazleak Gasteizen asteburu ederra pasatuko du (Hotel Silken Ciudad de Vitorian bi lagunentzako gaua eta armosua; afaria Gasteizko El Portalon jatetxean; bisita gidatua Santa Maria katedralera eta Andra Mari zuriaren dorrera; eta degustazio menua Andere jatetxean). Sariduna urriaren 18rako agertuko ez baliz, erreserbako zenbakiarentzat (104) izango da saria.