Gidabaimena euskaraz ateratzeagatik 100 euroko erosketa-bonua jaso du Koldo Edorta Carranzak
Koldo Edorta Carranzak 100 euroko erosketa-bonua jaso du gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egiteagatik. Eibarko Udaleko Euskara Sailak eta AKEBAI plataformak, Eibarko Merkatarien Elkartearekin lankidetzan, gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzeko egitasmoaren barruan banatzen dituzte bonuak.
Ekimenaren bidez, gazteen artean euskararen erabilera eguneroko esparruetara zabaltzea eta, aldi berean, tokiko merkataritza bultzatzea dute helburu. Horretarako, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egiten duten herritarren artean 100 euroko erosketa-bonuak banatzen dituzte.
Kanpaina 'Gidabaimena Euskaraz' egitasmoaren barruan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzak babesten du ekimena, eta EAEko Autoeskolen Federazioak koordinatu eta kudeatzen du. Gidabaimena euskaraz prestatzeko materiala eskaintzen du, besteak beste, ikasketa-prozesua errazteko ikus-entzunezko baliabideak.
Eibarko Udaleko Euskara Sailak herritarrak animatu ditu aukera hori baliatzera, euskara ikasketetatik harago eguneroko jardueretan ere erabiltzeko.