40+1 ikastaro prestatu ditu Udako Euskal Unibertsitateak udarako
Gaur (eguaztena, hilak 12) aurkeztu dituzte Karmele Artetxe UEUko zuzendariak eta Irati Iciar UEUko udako ikastaroetako arduradunak aurtengo udarako eskaintza Markeskuan. Artetxeren berbetan, “pozgarria da beste urte batez UEUren udako ikastaroak aurkezten egotea. Azken bi urteak UEUrentzat ekonomikoki oso zailak izaten ari dira eta egoera horretan gauzak antolatzen jarraitzeak benetako ahalegina eskatzen digu, baina egoera honek gure oinarri soziala indartzeko balio izan du eta, horri esker, iaz azken aldiko ikastaro kopuru handiena eskaini genuen 40. urteurrena ospatzeko. Aurten erronka horri eutsi eta 41 aurkeztuko ditugu, iaz bezain arrakastatsuak izango direlaren ilusioarekin".
Ikastaro sortarekin batera Ni ere, UEU kanpaina abian dela gogora ekartzeko aprobetxatu dute ekitaldia.
40+1 ikastaro
Irati Iciar ikastaroen arduradunak azaldutakoari jarraituta, “41 ikastaro antolatu ditugu aurten, inoiz baino gehiago. Hala ere, leloan 40+1 esaten dugu iazko arrakasta errepikatu nahi dugulako, bai auzolanean izan genuen babesari dagokionez baita matrikula kopuruari dagokionez ere. Azpimarratu nahi dut 41 ikastaro horiek antolatzea ez dela erraza izan eta bereziki zaila izaten da jasotako proposamen mordoaren artean aukeraketa egitea".
UEUk aurten eskainiko dituen 41 ikastaroetako 20 Eibarren (Markeskuan, UEUren ikastetxe nagusian) emango dira, bederatzi Baionan, 11 Iruñean eta bat Gernikan: “Sei jakintza-arlotan banatu ditugu: artea eta musika, giza-zientziak, injeniaritza eta teknologia, osasun zientziak, zientziak eta gizarte zientziak (azken honek hartzen ditu ikastaro gehien). Bestalde, ikastaroekin batera hiru jardunaldi antolatu ditugu".
Urteroko moduan, ikastaroetarako hainbat Udalek (Eibarkoak tartean) eta beste erakunde batzuk diru-laguntzak emango dituztela gogora ekarri dute aurkezpenean. Izena emateko epea jadanik zabalik dago eta ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago itxiko dute (informazioa eta matrikula www.ueu.org helbidean).