48. Euskal Jaiaren aurkezpena egin dute Klub Deportiboan
Gaur (eguaztena, hilak 15) aurkeztu dute Klub Deportiboan aurten 48. edizioa beteko duen Euskal Jaia. Mikel Larreategi Klub Ddeportiboko presidenteak jaia posible egiten guztiei eskerrak emanda ekin diote aurkezpenari eta Esther Kareaga Euskara-Kultura zinegotziak aurten berriz ere elkarte gastronomikoek parte hartzea "positibotzat" jo du, "moduren batean orain urte batzutako sasoia berreskuratuko delako". Antolakuntzan beharrean jarduten duen Mariano Lukek, esker ona adieraztearekin batera, "aurten antolakuntza mailan urrats garrantzitsua" eman dela azpimarratu du eta behin eta berriz eskertu nahi izan ditu "bazkaria zein afaria prestatuko dituzten elkarte gastronomikoengandik zein beste laguntzaile guztien aldetik jasotako erantzun eta jarrera ezinhobeak". Ateak jo dituztenean jasotako erantzun horri esker, besteak beste, afari eta bazkariaren prezioa erdira jaistea posible izan da eta horrek bere eragina izan du salmentan, gaur arte saldutakoari begiratuta afarirako 100 txartel eta bazkarirako 35 besterik ez zirelako geratzen Deporreko barran. Beraz, oraindik erosi ez duenak argi ibili beharko du. Afarian 400 lagun batuko direla aurreikusi dute eta bazkarirako beste horrenbeste espero dituzte eta horiei zerbitzen eta bestelako lanak egiten 60 lagunek jardungo dute, 8 lantaldetan banatuta. Egitaraua asteburu honetako zapatuan abiatuko da, 20.00etan Coliseoan eskainiko duten Jose Antonio Urbeltzen Besta Berri dantza ikuskizunarekin. Hori ikusteko sarrera internet bidez eros daiteke (dagoeneko txartelak Toribio Etxebarriako Kutxabanken kutxazain automatikoan inprimatu daitezke) edo, nahiago izanez gero, barixakuan 21.00etatik 22.00etara Coliseoko leihatilan erosteko aukera ere izango da (sarrerak 10 euro balio du). Euskal Jaiaren egitarau osoa jarraian irakur dezakezue:
48. Euskal Jaia Eibarren
- Maiatzak 18, zapatua
20.00.- "Besta Berri" Argia taldearen dantza ikuskizuna. Sarrerak 10 eurotan salgai. Coliseoan.
- Maiatzak 21, martitzena
19.00.- Mahai-ingurua: "Eibarko Plazia". Baserritarren eta bezeroen arteko gogoeta. Arrate Kultur Elkartean.
- Maiatzak 23, eguena
18.00etatik 19.30etara.- Palindromoen tailer irekia, Markos Gimenok gidatua. Arrate Kultur Elkartean.
- Maiatzak 24, barixakua
17.00etatik 19.00etara.- Kalian Jolasian. Untzagan.
19.30etatik 22.30etara.- Kale-animazioa.
22.30.- Kontzertua eMePebo5t errockmérixa taldearekin. Untzagan.
- Maiatzak 25, zapatua
10.00etatik 14.00etara.- Artisau eta baserritarren azoka. Toribio Etxebarria kalean.
12.00.- Herri-kirolak eta bertsolariak. Toribio Etxebarria kalean.
13.00.- Eskolen arteko VI. Herri-Kirol Lehiaketa. Toribio Etxebarria kalean.
Goiz osoan zehar Talopostua A.E.K.ren eskutik
18.30.- Untzagako karpatik hasita, bertso-triki herri parranda.
22.00.- Herri-afaria. Untzagan. Afalosteko kantuak Adolfo Jainagak eta Josu Garatek musikatuko dituzte.
23.00.- Erromeria Jainaga eta Narbaizarekin.
- Maiatzak 26, domeka
12.00.- Euskal Jaiko Kalejira, Urkizutik Untzagaraino. Ezpalak jaialdiko talde guztiak, gaiteroak, joaldunak eta Eibarko Musika Eskolako eta Jainagaren eskolako trikitilariak.
12.30.- Ezpalak Jaialdia: Sorgin-dantza eta bestelako ezpalak. Antzuolako Oinarin dantza taldea, Aretxabaletako txino-dantza taldea, Zuberoako kherestuak, Bartzelonako Bastoners de Callús, Bartzelonako Esbart Catalá de Dansaires, Proventzako dantzariak, Norvegiako dantzariak eta Kezka dantza taldea. Untzagan.
14.30.- Herri-bazkaria. Untzagan.
17.00.- Erromeria Aiko taldearekin. Untzagan.
19.00.- Larrain-dantza popularra. Untzagan.
20.00.- Larrain-dantza popularra. Deportibo parean.